@gara_miantzi
Santurtzi

Egungo hizkuntza ereduek ez dutela euskalduntzen ohartarazi dute ikastolek Ibilaldian

Ederki joan da Santurtzin ‘Taup!’ leloarekin egin duten Ibilaldia. Milaka eta milaka herritarrek bat egin dute Bizkaiko ikastolen jaiarekin eta giro aparta sortu da kaleetan. Ibilaldiko eta Bihotz Gaztea ikastolako ordezkariek eskatu bezala, gainera, garraio publikoa aukeratu dute kanpotik hurbildu diren gehienek, eta horrek trafiko arazoak ekidin ditu. Balorazioa hagitz ona da. Antolatzaileek betetzat eman dituzte erronkak –batez ere euskara kaleetara eramatea– eta eskerrak eman dizkiete hori posible egin duten bolondres, babesle eta herritarrei.

Familia giroa nagusi Santurtziko Ibilaldian. (@gara_miantzi)
Familia giroa nagusi Santurtziko Ibilaldian. (@gara_miantzi)

9.30ean hasi da Ibilaldia, Bihotz Gaztea ikastolaren egoitzan egin den ekitaldian. Ordutik aurrera taup-taup zabaldu da kaleetan Ezkerraldeko herri honetan euskararen eta ikastolen alde egiteko gogoa eta ilusioa. Ia bost kilometroko ibilbide urbanoan, lau jai gune ireki dituzte, denetariko proposamenekin, tartean gazteei zuzendutako Erronka saioa.

Lehenbiziko gunea, ikastolaren ondoko Mirabueno Parkean, haur eta familiei eskaini diete, jolas, dantza, puzgarri eta, jakina, jan-edanarekin.

Handik itsaso aldera hartuta iritsi gara Busti (Nautikan) eta Gozatu (Portuan) guneetara. Azken honetan Ondarroatik ekarritako 300 sardina kilo erre dituzte guztira Javier Olano eta beste hainbat santurtziarrek.

Laugarren eta azken gunera iristeko, Sortu izenekora, herrigunean sartu gara berriro. Bidean, poltsetan kolore arraroetako likidoz betetako botilak daramatzaten makina bat gaztetxorekin egin dugu topo eta gogoa ilundu zaigu. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaren aurrean prebentzio lana egin dute Sasoia Durangoko enpresakoek, Lakuako Gobernuak sustatutako proiektu baten barrenean. Familiei eskainitako gunean eta gazteak dabiltzan portuan, bietan eman dute informazioa eta laguntza.

Irekiera ekitaldiko mezuak eta omenaldia

Ekitaldi instituzionalean, alarma deia egin du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. EAEko hezkuntza lege berriak murgiltze eredua ezarri behar duela aldarrikatu du, eta gaur egungo hizkuntza ereduek ez dutela euskalduntzen eta euskararen ezagutza mailak behera egin duela ohartarazi.

Halaber, mahai gainean dagoen eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilearen gainean mintzatu da Tellitu. Adierazi du ikastolek argi dutela atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat dela, hezkuntza eragile guztiek konpromisoa izan behar dutela, eta ikastolek eurei dagokien mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest egoteaz gainera, bete egin nahi dutela.

Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek ikastoletan ematen ari den hezkuntza eraldaketa izan du hizpide. Etapa guztietan martxan jarri den edo jartzen ari den eredu pedagogiko berriaz mintzatu da; euskaran, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako EKI proiektua, Haur Hezkuntzako marko pedagogiko berria eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan egiten ari diren lana aipatu ditu, besteak beste.

Geroago, 11.30ean, Dorretxean, omenaldia egin diete derrigorrezko ibilbide akademikoa ikastolan bete zuen lehen belaunaldiko gurasoei. Ondoren, Bihotz Gaztea ikastolak Lekeitioko Azkue ikastolari lekukoa pasatu dio, bertan ospatuko baita heldu den urteko Ibilaldia.