NAIZ
BILBO

84.000 katebegi, mila autobus eta 5.000 boluntario daude jada igandeko giza katerako prest

Igandean Donostia eta Gasteiz bilduko dituen 200 kilometro baino gehiagoko giza kateari buruzko azken detaileak eskaini ditu Gure Esku Dagok. Momentuz 84.000 lagunek eman dute izena eta espero dute eguna iristerako 100.000 pertsonen langa gainditzea. Mila autobus daude prest eta, dena behar bezala joateko, 5.000 boluntario izango dira lanean. 

Gure Esku Dagoko ordezkarien agerraldia, igandeko giza kateari buruzko xehetasunak azaltzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gure Esku Dagoko ordezkarien agerraldia, igandeko giza kateari buruzko xehetasunak azaltzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gure Esku Dagoko ordezkariek agerraldia egin dute igandeko zitaren inguruko xehetasunen berri emateko. Dagoeneko 84.000 lagunek izena eman dutela baieztatu dute antolatzaileek eta iganderako 100.000 izatea espero dutela gaineratu dute. 

Oraindik egin ez duten herritarrei webgunearen bitartez edo herriz herri jarritako mahaietan izena emateko eskatu diete, antolakuntza lanak errazteko.

Horietako bakoitza dagokion tokian egon dadin, mila autobus daude lotuta, ibilbide pertsonalizatua egingo dutena, «uneroro segurtasuna lehenetsiz». Errepide batzuk moztuko ez direla aintzat hartuta, dei berzia egin dute kontuz ibiltzeko, segurtasun arauak errespetatzeko eta antolakuntzako kideen esanei jarraitzeko. 

Egun horretan dena behar bezala joan dadin lanean egongo diren 5.000 boluntarioen lana bereziki txalotu eta eskertu dute Gure Esku Dagoko ordezkariek. 

«Zapiak lepoan jarri eta eskua elkarri emango dion herritar uholdea izango da, jadanik historikotzat jo dezakegun mobilizazioan», azpimarratu dute. Diasporan ere egingo dituzte giza kateak: Argentinan, Uruguain edo Munichen (Alemania), esaterako.

Gure Esku Dagoko Komunikazio arduradunak, Jone Amonarrizek, azaldu du autobusak goizeko 10.30ean iritsiko direla dagokien lekura. Parte hartzaileek 11.30erako prest egon beharko dute eta eguerdia iristearekin batera, 12.00etan, giza katea osatuko da. Ondoren, 12.15ean, Legebiltzar aurrean mezua irakurriko dute eta, azkenik, 13.30ean emango dituzte parte hartzeari buruzko datuak, bozeramaileen adierazpenekin batera.

Zuzeneko streaming-a, satelite bidezko irudiak eta kilometroz kilometro argazkilariek ateratako argazkiek osatutako galeriak eskuragarri jarriko dituzte.

NAIZek ere jarraipen berezia egingo dio giza kateari.