NAIZ
BILBO

Ezkerraldeak pairatzen duen «larrialdi-egoera sozialaz» ohartarazi dute

Sestao eta Santurtzi artean egin duten martxaren bitartez, Ezkerraldeak Euskal Herriko langabezia-tasarik handienetako bat pairatzen duela ohartarazi nahi izan dute eta, era berean, murrizketa sozialak eta gastu militarra gaitzetsi dituzte.

Sestaotik Santurtzirako bidea egin du martxak. (LAB)
Sestaotik Santurtzirako bidea egin du martxak. (LAB)

Eguerdian Sestaoko Kasko plazatik abiatu eta Santurtziko portuaren atarian amaitu den ibilaldiaren antolatzaileek eskualdeak pairatzen duen «larrialdi-egoera soziala» azpimarratu dute.

Esan dutenez, familien heren batek arazoak ditu hilabete amaierara iristeko eta astero 9 familia beren etxeetatik botatzen dituzte.

Ezkerraldean 21.000 pertsona langabezia egoeran daudela ere salatu dute, eskualdeak Euskal Herriko langabezia-tasa handienetako bat daukala eta, gainera, 12.500 langabek ez dutela inolako diru-laguntzarik edo prestaziorik jasotzen. Era berean, nabarmendu dute 36.000 pertsonek lan prekario bat daukatela eta hilean 900 euro baino gutxiago jasotzen dituztela.

Horregatik guztiagatik, ezartzen diren murrizketa sozialak arbuiatzeaz gain, egungo gastu militarra «onartezina» dela adierazi dute.

Ekimenak Ezkerraldeko langabetuen asanbladen, sindikatu desberdinen eta hainbat kolektiboren babesa izan du. Mugimendu feministak eta pentsionistek ere bat egin dute martxarekin, beren pankarta propioak eramanez.

La Naval edota Productos Tubulareseko langileek ere parte hartu dute.