NAIZ
HONDARRIBIA

Gazte bat atxilotu dute Hondarribian, bere bikotekideari eraso egitea leporatuta

Ertzaintzak 26 urteko gizonezko bat atxilotu du Hondarribian, bere bikotekidea kalean jotzea egotzita, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez. Udalak elkarretaratzea deitu du gaur arratsaldean erasoa salatzeko.

Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez, eraso matxista astearte arratsaldeko 17.00ak aldera izan zen, Hondarribiko San Pedro kalean. 26 urteko gazteak bere bikotekidea jo zuen kalean, hainbat lekukoren aurrean. Udaltzaingoak abisua jaso zuen eta hara bertaratu ziren udaltzain eta ertzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Emakumea Irungo Bidasoa ospitalera eraman zuten, badaezpada.

Hondarribiko Udalak erasoa gaitzetsi du eta emakumeari elkartasuna adierazi dio. Gainera, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze batera deitu ditu herritarrak, asteazken honetan, 20.00etan, San Pedro kalean, Correosen ondoan.

Alderdi guztiek sinatutako adierazpenean, zera nabarmendu dute: «Eraso horrek pertsonen arteko errespetuzko bizikidetza urratu du eta tankera horretako eraso guztiak, giza eskubideen urraketa diren neurrian, Hondarribian lekuz kanpo daudela nabarmendu nahi du Hondarribiko Udalak, pertsona guztiek, elkarrekin duintasunez bizitzeko eskubidea baitugu».

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere erasoaren gaitzespena agertu dute eta elkartasuna eta babesa adierazi diote emakumeari eta haren gertukoei. 

Herritarrei eskatu diete har ditzatela «konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde», izan ere, «arazo kolektiboa baita, guztion ardura da indarkeria sexistari aurre egitea eta emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea».