NAIZ
DONOSTIA

10.000 erregistroen bidean da .eus domeinua bere bosgarren urtemugan

ICANN erakundeak euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen .eus domeinua onartu zuenetik bost urte bete dira gaur eta 8.400 domeinu-izen baino gehiago daude egun erregistratuta. Gertuko jomuga 10.000 domeinu lortzea da eta PuntuEUS Fundazioak gonbita egin dio gizarteari, «10.000ra goaz, bazatoz?» lelopean helburu hori lortzeko bidea elkarrekin egiteko.

«10.000ra goaz. Bazatoz?» kanpaina iragartzeko kartela.
«10.000ra goaz. Bazatoz?» kanpaina iragartzeko kartela.

PuntuEUS Fundazioak gogoratu duenez, 2013ko ekainaren 14an, duela bost urte, ICANNek (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) .eus domeinua onartu zuen, urtebete ebaluazio fasean igaro ondoren. Horrela, .eus domeinuaren lorpena proiektua jaio zenetik sei urte igarota iritsi zen.

PuntuEUS Fundazioko ordezkariek domeinua lortu eta hurrengo egunean emandako prentsaurrekoan zera azpimarratu zuten: «Iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza, euskararen herriaren nazioarteko aitortza, .eus lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat».

Urtebete beranduago, 2014an, lehenengo .eus webguneak sareratu ziren, eta orduan hasi zen «.eus domeinuaren benetako ibilbidea». «Izan ere, domeinua erabiltzea, ikustea eta indartzea da .eus domeinuari zentzua ematen diona. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua», adierazi dute.

Aurreikuspenen barruan

Orain, lorpenetik bost urte eta sareratzetik lau urte igaro direnean, .eus domeinua aurreikuspenen barruan ari da hazten 2020. urterako ezarritako helburua betetzeko bidean. .eus domeinua Euskal Herriko hirugarren domeinua izatea da helburua, eta «bidean doa».

Une honetan 8.400 domeinu-izen baino gehiago daude erregistratuta eta gertuko jomuga 10.000 domeinu lortzea da. Horrela, «10.000ra goaz, bazatoz?» lelopean, 10.000 domeinu lortzeko bidea elkarrekin egiteko gonbita egin dio aurten PuntuEUS Fundazioak gizarteari.