NAIZ
GASTEIZ

AP-1 autobidearen Armiñongo bidesaria kenduko dutela iragarri du Gobernu espainiarrak

Sustapen Ministerio espainiarrak iragarri du azaroaren 30etik aurrera, kontzesioa bukatzen denean, Armiñon eta Burgos arteko AP-1 autobidea doakoa izango dela, bidesariak kenduko baitute. 

Armiñongo ordainlekua. (Juanan RUIZ/FOKU)
Armiñongo ordainlekua. (Juanan RUIZ/FOKU)

Jose Luis Abalos Sustapen ministro espainiarrak iragarri du kontzesioa bukatzear daukaten autobideetan bidesariak kenduko diztuztela. 

‘El Pais’ egunkarian egin duen iragarpen horrek euskal errepideetan ere eragina izango du, azaroaren 30ean bukatzen baita Armiñon eta Burgos arteko AP-1aren kontzesioa (84 kilometro dira guztira). 

Autoek 12 euro ordaintzen dituzte egun, eta kamioiek 24,75.

Armiñongo ordainlekuen inguruan auto pilaketa luzeak sortu ohi dira opor garaien, ibilgailuen joan-etorria handia denean. 

Iaz onartutako mozio batean, Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza daukaten alderdi guztiek aho batez eskatu zioten Gobernu espainiarrari kontzesioaren amaieran ez zezala berritu, autobidea «publikoa eta doakoa» izan dadin. 

Aipatutako autobide honez gain, beste biri eragiten die Abalosen iragarpenak –2018 eta 2019 urteen arten bukatzen dira kontzesioak–: Alacant eta Tarragona arteko AP-7ari eta Sevilla eta Cadiz arteko AP-4ari. Guztira 468 errepide kilometro bihurtuko dira doako. 

Era berean, porrot egin ostean Estatuak erreskatatu dituen bederatzi autobideak lehiaketara ateratzeko aukera aztertzen ari direla azaldu du Abalosek.