@gara_miantzi
Donostia

Ikastolen dei zabala larunbatean Bilbon Seaska babesteko

Macronen Hezkuntza Ministerioaren «eraso zuzenari» erantzuteko elkarretaratze bat antolatu dute ikastolek. Larunbat honetan izanen da, uztailaren 14an, frantziar Estatuaren ospakizun egunean hain zuzen, Bilboko kontsulatu frantsesaren atarian. Dei zabala egin diote jendarte osoari eta instituzioei, tituluak arriskuan jarriz euskaraz bizitzeko hautua egin duten Seaskako ikasle eta gurasoak babesteko.

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordea, Koldo Tellitu lehendakaria eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, gaurko agerraldian. [Jon URBE / FOKU]
Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordea, Koldo Tellitu lehendakaria eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, gaurko agerraldian. [Jon URBE / FOKU]

Gaur, Donostiako Ikastolen Etxean kazetari ugari bildu dituen agerraldian, azaldu dute Seaskak, urteetako lanari esker, «berebiziko hazkundea» bizi duela azken ikasturteetan. Hala, jaiotza tasek behera egin duten arren, Seaskako matrikulazioak gora doaz eta ikastola gehiago ireki dituzte. «Pozteko datuak dira», baina frantziar Gobernuarentzat «kezkagarriak». Horregatik irakasle postu gehiago ez ematea eta brebetean euskaraz egindako azterketak ez zuzentzeko erabakia.

Dei zabala egin diote jendarte osoari eta instituzioei, tituluak arriskuan jarriz euskaraz bizitzeko hautua egin duten Seaskako ikasle eta gurasoak babesteko. Larunbat eguerdirako jarri dute hitzordua, Bilbon, frantziar kontsulatu aitzinean (12.00etan, Iparragirre kaleko 26. zenbakian). Horretaz gain, uztailaren 28an, Tourra Euskal Herritik pasatuko den egunean, ikastolen «presentzia eta salaketa» segurtatuko dituztela iragarri dute ikastolek. Heldu den ikasturtea ere protesta artean hasiko dute, lehenbiziko egunetik, behar dituzten irakasle postuak lortzeko eta brebeta euskaraz lasaitasunez egin ahal izateko.

Bost postu eta erdi

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Nekane Artola lehendakariordea mintzatu dira Donostiako Ikastolen Etxean eman duten prentsaurrekoan. Aitortu dutenez, «aspaldi ez zuen gobernu batek ikastolen aurka hain eraso zuzenik egin». Udaberritik ari zaie Macron presidentearen Hezkuntza Ministerioa trabak jartzen. Matrikulak ugaritzen ari direnez 25 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak eta lehenbizi deus gehiago ez zuela izanen erantzun zien Ministerioak. Azkenean bost postu eta erdi hitz eman dizkiete, baina «ez dira inolaz ere nahikoa».

Brebetari dagokionez, iaz 14 urteko ikasleek euskaraz egin zuten zientzien ikasgaiaren proba eta, nahiz eta mehatxuak jaso, irakasle euskaldunek zuzentzea lortu zuten. Aurten gauza bera egin dute ikasleek baina euskara ez dakiten inspektoreek zuzendu dizkiete azterketak. Hortaz, atzo jakin zutenez, zientzietan batez beste hamarna puntu lortu dituzte 50etik. Hala eta guztiz ere Seaskako ikasle guzti-guztiek gainditu dute brebeta, nota hagitz onekin gainera. «Argi ikusten da, beraz, Zientzietan nola jarri dieten nota, zuzendu gabe».

Hautetsiak, Euskal Elkargoa, Akitaniako eskualdea, Pirinio Atlantikoak... «Sostengu zabala» jasotzen ari dira ikastolak. «Argi dugu arazoa Estatu frantsesa dela. Arazo politikoa da, Euskal Herriaren eta Estatuaren artekoa», adierazi du Gorostiagak. Zailtasun guztien gainetik ikasle guztiak hartuko dituztela eta brebeta euskaraz egiten segituko dutela segurtatu du.