NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Azkoitian, kontrako noranzkoan gidatzeagatik eta alkohol tasa boskoizteagatik

Ertzaintzak 45 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Azkoitian, kontrako noranzkoan eta edanda gidatzeagatik. Baimendutako alkohol tasa bost aldiz gainditu du egin dioten alkoholemia kontrolean.

Ertzaintzako agenteek 45 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostegun honetan, Azkoitian, edanda gidatzeagatik. Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, herriko kale batetik kontrako noranzkoan gidatzen ari zela geldiarazi dute, eta, alkoholemia proba egin diotenean, arnasturiko aire litroko 1,25 miligramoko emaitza eman du, hau da, baimenduriko tasa baino bost aldiz handiagoa.

Gertaera bart gauean izan da, 23.30 aldera, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailu bat ikusi du kontrako bidean ehun metro baino gehiago egiten Azkoitiko Trino de Uria kalean. Ertzainek geldiarazteko eskatu diote gidariari eta jarraian edanda zegoela egiaztatu dute.

Gizonak ez zeraman identifikazio dokumenturik eta ertzain etxera eraman dute, identifikatzeko eta alkoholemia proba egiteko. Lehen proban, arnasturiko aire litroko 1,21 miligramoko emaitza eman du, eta bigarrenean 1,25 miligramokoa, baimenduriko tasa 0,25 miligramo denean.

Atxilotuak 45 urte ditu eta ostegun honetan eramango dute epailearen aurrera.