NAIZ
MOSKU

Frantziarren eraginkortasuna nagusi kroaziarren joaren aurka

Joa erakutsi dute kroaziarrek, eraginkortasuna frantziarrek. Jokoaren ekimena galtzaileena izan den arren, ezin izan diote eutsi hauek Griezmann, Mbappe, Pogba eta konpainiak erakutsi duten efikaziari (4-2). Modu honetan, bere historiako bigarren Munduko Txapelketa irabazi dute frantziarrek.

Frantziarrak, garaipena ospatzen. (Odd ANDERSEN/AFP)
Frantziarrak, garaipena ospatzen. (Odd ANDERSEN/AFP)

Munduko Txapelketa bateko bere lehen finala zuen Kroaziak, hirugarrena Frantziak. Azken hauek ziren, paperean bederen, faborito, eta ez dute kinielek hutsik egin. Azken emaitzak iradoki dezakeenaren aurka, baina, final estua eta lehiatua izan da Moskun jokatu dena.

Kroaziarren zorigaitzerako, Mandzukicek bere atean sartu duen gola historiara igaroko da, jokalari batek Munduko Txapelketako final batean bere atean sartzen duen lehen gola izan baita. Gol horri esker, frantziarrak markagailuan aurreratu dira.

18. minutua zen eta apenas gerturatu dira lehenago kroaziarren atera. Urruneko falta bat zen eta Griezmann izan da baloia arean jartzearen arduraduna. Bikain erdiratu du honek, eta baloia aldentzeko ahaleginean bere atean sartu du Mandzukicek.

Kroazia, baina, Frantzia baino hobeto ari zen jokatzen. Neurketa hasieratik hartu du honen pisua eta berea zen baloiaren jabetza. Iritsiera arriskutsu batzuk ere pilatu dituzte lehen minutuetan, baina golak 28. minutura arte itxaron behar izan du. Geldikako beste jokaldi batetik etorri da Perisicen gola.

Munduko Txapelketa honetan hainbeste zeresan eragin duen VAR sistemak ere izan du bere protagonismoa gaurko finalean. Hamar minutu inguru falta ziren neurketa atsedenaldira iristeko, eta korner baten ostean sortu da polemika. Lehenengo zutoinean errematatu du frantziar batek, eta honen erremateak kroaziar baten besoan jo du. Bere denbora behar izan du epaileak erabaki bat hartzeko, eta penaltia agindu du azkenean.

Griezmann izan da hamaika metroetatik jaurtitzearen arduraduna, eta sareetara bidali du baloia. Bigarren gola zuen Frantziak eta 38. minutua zen. Munduko Txapelketen finalen historian VAR sistemaren bidez adierazitako lehen penaltia izan da gaurkoa.

Halaxe iritsi da neurketa atsedenaldira. Honen ostean, guztia ematera atera dira jokalari kroaziarrak, eta kontraerasoaren probetxua ateratzen hasi dira frantziarrak. Gertu izan du gola Mbappek 50. minutuan, eta ez dute barkatu 58.ean. Mbappek abiatu du kontraerasoa, honek Griezmannekin egin du jokaldia, zeinak azken unean Pogbari eman dion baloia; honen jaurtiketa sareetara joan da.

Hurrengo minutuetan gehiago izan da Frantzia, eta hala egin dute laugarrena. Mbappe izan da golegilea, areaz kanpotik egin duen jaurtiketa sareetara bidaliz. 65. minutua zen, eta neurketa ia erabakita zuen Frantziak.

Partidari emozio pixka bat ematearren, Mandzukicek Lloris atezainaren opari bat aprobetxatu du bere taldearen bigarrena egiteko, baina beranduegi zen ordurako. Kroaziarrek gora jo badute ere, ez dute frantziarren garaipena arriskuan jartzerik izan.

Hala, hiru final jokatu eta bi irabazi ditu Frantziak. Aurreko garaipena 1998an izan zen, eta jokalari lanak egiten zituen taldearen egungo hautatzaileak, Didier Deschamps lapurtarrak. Bera da historian jokalari eta entrenatzaile bezala Munduko Kopa irabazten duen hirugarren pertsona.