NAIZ
HELSINKI

Trump eta Putin aurrez aurre bildu dira, lehen aldiz, Helsinkin

Vladimir Putin eta Donald Trump Errusia eta Estatu Batuetako presidenteek bien arteko aurrez aurreko lehen bilera egin dute gaur eguerdian, Helsinkin. Siria, Iran eta Ukrainako gatazkak izan dituzte hizpide, besteak beste. Amerikarrak «oso hasiera ona» izan dela esan du.

Donald Trump eta Vladimir Putin, bileraren hasieran. (Brendan SMIALOWSKI/AFP)
Donald Trump eta Vladimir Putin, bileraren hasieran. (Brendan SMIALOWSKI/AFP)

Errusia eta Estatu Batuetako lehendakariak lehen aldiz bildu dira gaur, aurrez aurre, Helsinkin. Vladimir Putin 12.30ak aldera iritsi da Sauli Niinisto Finlandiako lehendakariaren jauregira, eta hark lagunduta sartu da barrura. Donald Trump 13.00ak aldera heldu da, goi bilkura hasteko aurreikusita zegoen ordua baino ordu erdi beranduago, eta hari ere Niinistok egin dio harrera.

Trump eta Putin aurpegi serioarekin sartu dira bilera gelara, eta han argazkiak atera dituzte. Bi itzultzaile albo banatan dituztela igaroko dute hitzordua. Hedabideei ateak itxi aurretik hitz batzuk egin dituzte bi agintariek. Amerikarrak esan duenez, merkataritza, indar armatuak, programa nuklearra eta Txinari buruz jardungo dute. Bera eta Putin «munduko bi potentzia nuklear handien buru» direla nabarmendu du eta «hori ez da txarra, ona baizik» erantsi.

«Uste dut munduak gu ongi konpontzea nahi duela», esan dio Trumpek Putini. Agintari errusiarrak bi herrialdeen arteko harremanak zertan diren azaltzea saihestu du eta «arretaz eta poliki» hitz egin behar dutela adeirazi du.

Bilkura bi ordu eta hamar minutuz luzatu da, hedabide errusiarren arabera, aurreikusitakoa baino 40 minutu gehiago. Ondoren Trumpek adierazi du «oso hasiera ona» izan dela, «guztiontzat».