NAIZ
BILBO

Gatazka ondorengo aldiez hausnartuko du Getxophotok hamabigarren edizioan

‘Gatazka-ostea. Elkarrizketa berreraiki’ izango da irailaren 5etik 30era egingo den Getxophoto nazioarteko jaialdiaren hamabigarren edizioaren leloa. Hogei bat erakusketa egongo dira ikusgai, banakakoak eta kolektiboak.  

Imanol Landa eta Jokin Aspuru, Getxophotoren hamabigarren edizioaren aurkezpenean. (June PRIETO/FOKU)
Imanol Landa eta Jokin Aspuru, Getxophotoren hamabigarren edizioaren aurkezpenean. (June PRIETO/FOKU)

Getxoko alkate Imanol Landak eta Getxophotoko zuzendari Jokin Aspuruk agerraldia egin dute Nazioarteko Irudi Jaialdiaren hamabigarren edizioa aurkeztu eta xehetasunak emateko. 

‘Gatazka-ostea. Elkarrizketa berreraiki’ lemapean egingo da, irailaren 5etik 30era, edizio hau, Monica Allende komisarioa izango delarik.

BegiHandi kolektiboak interes orokorreko gai baten inguruan antolatzen du jaialdia eta aurtengoan gatazkaren esanahiari buruz hausnartuko dute. Zehazki, gatazka ondorengo aldiak, gatazken ondorioak eta elkarrizketaren berreraikitzea jorratuko dituzte. 

Jaialdiak ikusizko kontakizunei eta erakusketa espazioei buruzko «aurreiritzien mugak zabaltzea» du helburu eta, horretarako, nagusiki espazio publikoa eta ezohiko lekuak erabiltzen ditu, fatxadetan, parkeetan, aretoetan, abandonatutako tokietan, merkatuetan eta hiriko beste espazio batzuetan jarritako irudien bitartez ikusleekin «elkarrizketa irekiak» proposatzeko. 

Profesionalei ez ezik, herritar guztiengana eraman nahi dute horrela argazkigintza. Bideoek, artxiboek, instalazioek, arte digitalak, fikziozko narrratibek eta lan dokumentalek ere tokia izango dute. 

Hamabigarren edizio hau hogei bat erakusketak –banakakoak zein kolektiboak– osatzen dute. Lanek gatazka ekologikoak, politikoak edota gizakien artekoak jorratuko dituzte. 

Erakusketez harago doa antolatu duten egitaraua. Laborategi esperimentalak, hitzaldiak eta bestelako jarduera batzuk ere baitaude Getxophotoren hamabigarren edizioan.