NAIZ
DONOSTIA

Delteco GBCk Alberto Corbacho hegalekoa fitxatu du

Talde gipuzkoarrak Monbus Obradoiron ari zen eta Baskoniako jokalari ere izan den Alberto Corbacho hegalekoa fitxatu du. Datorren denboraldiari begira Delteco GBCk egin duen aurreneko fitxaketa da Corbachorena.

Alberto Corbacho, Baskoniako jokalari zenean. (Juanan RUIZ/FOKU)
Alberto Corbacho, Baskoniako jokalari zenean. (Juanan RUIZ/FOKU)

«Alberto Corbacho taldearen pieza garrantzitsuenetako bat izatera dator Gipuzkoa Basketera. Bere 2.00 metroko garaierarekin, hegaleko jokalari hau Santiagotik Donostiara iritsi da Endesa Ligako hainbat taldetan egon ondoren», adierazi du, ohar baten bitartez, talde gipuzkoarrak.

Palma Mallorcako San Jose Obrero taldearen beheko kategorietan hezi ondoren, 2003an CB Malagak fitxatu zuen, eta jokalari garrantzitsua izan zen LEB Ligan zazpi denboralditan egondako talde guztietan.

Kanpoko jaurtiketa da Corbachoren jokoaren ezaugarririk nagusiena, eta Endesa Ligako hiruko jaurtitzaile arriskutsuenetarikoa da. 2013-2014 denboraldian hiruko batezbesteko marka onena lortu zuen Estatuko jokalaria izan zen, partidako 3.1 hiruko lortuz eta jaurtiketen %40 asmatuz.

Santiago de Compostelan bost denboraldi egon ondoren, 2015-2016 sasoian Baskoniak fitxatu zuen, eta gasteiztarrekin Euroligako Lauko Finalera iristea lortu zuen. Ondoren, Obradorirora itzuli zen eta bertan egin ditu azken bi denboraldiak.

Balearretako jokalariak 34 urte egingo ditu urrian. Aurreko denboraldian 26 partida jokatu zituen. Partidako 6.2 puntuko batez bestekoa lortu zuen, hirukoetan %35 eta bikoetan %57 asmatuz.