NAIZ
BILBO

21 erakundek osatuko dute Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua

Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu da gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusian. Bertan bildu dira patronatua osatuko duten 21 erakundeak, tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak.

Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuko erakundeetako ordezkariak Bilbon bildu dira. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuko erakundeetako ordezkariak Bilbon bildu dira. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Gasteizko Legebiltzarra, Lakuako Gobernua, Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa, Gobernu espainiarra, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eudel, Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa (NUKF), Baionako Herriko Etxea, Bilboko Udala, Donibane Garaziko Herriko Etxea, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Iruñeko Udala, Mauleko Herriko Etxea, Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademia dira Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuko kideak.

Uztaileko osoko bilkura aprobetxatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu Bizkaiko Foru Jauregira.

Osoko bilkura amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia, eta Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordeak, Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez Bizkaia eta Arabako ahaldun nagusiek eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitz egin dute.

Azken honek adierazi du ekitaldi honetan berresten dela duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean Euskaltzaindiari eman zioten zeregina. «Eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan», esan du.

Akademiaren hastapenak gogoratu ditu eta nabarmendu du ordutik etenik gabe lanean jardun duela erakundeak, «garai gozo zein latzetan, nola Iker hala Jagon sailetan, euskararen inguruko ikerkuntza linguistikoari eta gizarte erabileraren arlo desberdinei adi-adi».

Oroitu du Euskaltzaindiak «zin-zinezko komunitate zientifiko, akademiko eta soziala» ondu eta mamitu duela urte hauetan, bestelako errealitate batzuk aurrera eramanez eta finkatuz, «egun euskal kulturaren ezinbesteko erreferentzia direnak»: dela euskararen estandar linguistikoa formulatzea, dela ikastolen mugimendua, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak eta euskaltegiak, edo dela bertsolaritza, literatura sorkuntza edo itzulpengintza.

Urrutiak adierazi du Akademiak baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, eta ziurtatu du Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dela amatatu, euskara aitzinatzeko erakundearen nahiak «indartsu» jarraitzen duela. Gainera, ohartarazi du zeregin hori «euskararen eremuan lan egiten duten guztiekin batera» gauzatu behar duela, «ondorengo urteetan ere Euskaltzaindia erreferentea izan dadin euskararen munduan, tankera irekian lan eginez, guztiok baikara Euskaltzaindia».