En profondeur
Etorkinak Atxurin

Berez dira migrari askoren bizileku Bilboko San Francisco kalea eta Atxuri ingurua, aspaldidanik gainera, baina egunotan ezohiko irudia ikusten da bertako Fleming Doktorea plazan: dozena etorkin biltzen dira hemen egunero, Afrika utzi ostean pateran Mediterraneoa gainditu, penintsula zeharkatu, eta azkenean Bilboko txoko honetaraino iritsita. Administrazioak ez die babesteko tokirik eskaintzen, eta Atxuri Gorri auzo elkartea ari zaie laguntzen, baina argi du lan asistentziala baino gehiago egin nahi duela, elkartasun sozio-politikoa hain zuzen ere.

Gotzon ARANBURU|BILBO|23/07/2018 10:20
Atxuri-etorkinak
Atxuriko bizilagunek Afrikatik iritsi diren etorkinei laguntzen diete. (Gotzon ARANBURU)

Normalean, Euskal Herrira iritsitako afrikarrek iparralderago joan nahi izaten dute, Europara bidea segi, baina azken aste hauetan bestelakorik ere ari da gertatzen: Bilbon bertan geratu nahi, bertan lan egin eta bertan bizi. Ekaineko azken egunak geroztik, bostehun lagun ingururi eman die laguntza Bilboko Gurutze Gorriak, erakundeak adierazi duenez, eta horietako hogeita hamarren batek Afrikan hasitako bidaia Bizkaiko hiriburuan bukatzeko asmoa agertu dute. 

Eguraldi onarekin biderkatu egiten dira paterak Estatu espainiarreko hegoaldeko hondartzetan eta Kanariar irletan. Poliziak identifikatu egiten ditu iritsitakoak eta kanporatzeko prozedura martxan jartzen du, baina egun batzutako epea edukitzen dute etorkinek penintsulan barrena mugitzeko eta gestioak egiteko. Iritsi eta berehala Gurutze Gorriaren oinarrizko laguntza jasotzen dute, eta erakunde honek bideratu ere egiten ditu toki batera edo bestera, esaterako Euskal Herrira. Hala iritsi ziren duela aste batzuk migrariz betetako bi autobus Donostiara, eta talde txikiagoak Bilbora.  

Bilboko kasuan, etorkinen kopurua altua izango zela aurreikusita, premiazko harrera zerbitzu bat antolatu zuen Gurutze Gorriak, Lakuako Gobernuaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Udalaren jakinaren gainean eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen presioari esker. Montañoko aterpetxean lo egiteko lekua, jatekoa eta laguntza eskaintzen diete migrariei, hiru egunez, baina behin epe hori agortuta kalean geratzen dira pertsona hauek. Ondoren, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eman die laguntza, baina egun hirurogei bat etorkinek kalegorrian jarraitu dute, Atxuri Gorri auzo elkarteak arazoari heltzea erabaki duen arte.

Iñigo Santxo gaztea Atxuri Gorri elkarteko kidea da, eta eskuz esku ari da lanean kalean geratu den migrari talde honekin. Hauetako gehienak Ginea, Senegal edo Kamerunekoak dira eta frantsesez hitz egiten dute, eta Santxok ere badakienez, oso lagungarri zaie. Atxuri auzoko kirol kantxan egiten dute lo etorkinek, eta egunean zehar zeregin gutxi izaten dute eta ez dira ia auzotik irteten: paperik ez dute, lanik ere ez… Batzuk eskolara joaten hasi dira, eta gaztelaniaz ikasten ari dira, esate baterako Ginea Ekuatorialeko Sekouk, zeinak bere izenaren letrak gaztelaniaz esan dizkion kazetariari. Sukaldatzeko taldea prestatu du Atxuri Gorrik, boluntarioz osatua, arropa garbitzekoa ere bai, baita osasun zerbitzuetara laguntzekoa ere, eta babes politikoa eskatzeko aholkulari taldea ere bai. Auzoko dominiko fraideek ere laguntza ematen dute. Bederatziak aldera afaltzen dute, denek batera, eta ondoren lo zakura.

Arazo estrukturala

«Arazoa ez da egunotan Bilbon dabilen migrari talde hau, baizik eta estrukturazko arazo bat, alegia, Europar Batasunak gero eta zailagoa jartzen diela gizon-emakume hauei kontinentean sartzea, neurri errepresiboen bitartez. Eta atzerago joanda, iturburura joanda, arazoa da europarrok daukagun bizi-maila mantentzeko eta hobetzeko hegoaldeko herrien esplotazioa eta desjabetza, suntsiketa eta espolioa burutu beharra daukagula. Eta hortik datoz Afrikako gatazka sozial, politiko eta armatuak. Ondorioz, miseria gorrira eta bizitza arriskuan jartzera kondenatzen ditugunez, bada handik ospa egin beharrean daude» dio Iñigok.

Idris Kamerungoa da. Gaztelania dezente daki, bere jaioterrian ikasia. Tarifan hartu zuen lur eta Gurutze Gorriak artatu zuen. Batekin eta bestearekin hitz eginda, Bilbora igotzea erabaki zuen, baina hirian daramatzan hiru asteak oso gogorrak egin zaizkiola dio, ez duela ulertzen nola utzi dituzten egoera honetan. Lan egin nahi du Bilbon eta Afrikan utzi duen familiari lagundu, hori bere gogoa.

Eskaera Gobernu espainiarrari

Sekou frantsesez mintzo da eta hasteko eta behin Atxuriko bizilagunengandik jasotako laguntza eskertzen du, eta eskari zuzen bat egin dio Bilboko alkateari: «Ikusi dezala gure egoera, lagundu gaitzala, honela ezin dugu bizi eta». Duela gutxi izendatutako espainiar Gobernuaren Bizkairako ordezkariak, Vicente Reyesek, hitzez hitz esan berri du «onartu beharra dugu migrariak hemendik igarotzea, baina ez hemen geratzea». 

Atxuri Gorri eta gobernuz kanpoko erakundeen artean «tentsioa» dagoela ez du ukatzen Iñigo Santxok. Giza eskubideen inplementazioa «merkantilizatu» egin dela salatzen du: «Herri mugimendua aktibatu egin da, aldarrikapenak eta presio mekanismoak abiatu ditue, eta bitartean GKE-ek bere espazioa defendatzera jo dute, ez dute inolako arriskurik hartu, haien diru iturriak arriskuan ez jartzeko. Guk jendartearen zati batek erakutsitako elkartasun, konpromiso eta aktibazio maila txalotzen dugu, instituzioek erakutsitako jarreraren erabat ezberdina. Hauena utzikeria eta axolagabekeria izan da, eta egin ez duten lan gu ari gara egiten» diosku. Gogorra da Administrazioaren jarrera definitzerakoan: «Inkonpetentzia, inprobisazioa, intoxikazioa, sarritan xenofobia… hauek dira erabili beharreko hitzak».

Harrera hiria

Adibideak ere jartzen ditu. Esate baterako, Bartzelonako Udalak eta hango GKE-ek sinatutako hitzarmenaren arabera, trantsitoan diren etorkinak mugagabe geratu daitezke hiriko aterpetxe batean, ez Bilbon bezala hiru egun soilik. Gainera, ez dagoela etorkin uholderik azaldu du Iñigok, joan den urteko fluxua baino txikiagoa dela aurtengoa.  

Hala ere, garbi utzi nahi Santxok etorkinekin egin duten lana ez dela GKE batenaren parekoa, giza-laguntza hutsezkoa, baizik eta bulkada sozio-politikoa daukala atzetik, are desobedientzia zibileko ezaugarriak ere, eta autogestioaren bidez burutzen dela. Bilbo ez dela izan behar soilik trantsitoko hiria, baizik eta harrera hiria, etorkinak bertan bizitzen geratzeko hiria. Berak ikusi duenez, Atxuriko bizilagunek bat egiten du jarrera horrekin, ez dira mesfidati migrariekiko, eta zenbat eta harreman gehiago izan elkarrekin, zenbat eta hobeto ezagutu elkar, orduan eta jarrera hobea dute bi aldeek.

INFOS ASSOCIÉES