NAIZ
ZARAUTZ

Hondarribira joan da Zarauzko bandera

Orio izan da Zarauzko banderako bigarren jardunaldiko garailea, baina Hondarribiko bidea hartu du ikurrinak, bezperan Urdaibaik kendu zizkion zortzi segundoak berreskuratzea lortuta.

‘Ama Guadalupekoa’, garaipena ospatzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU))
‘Ama Guadalupekoa’, garaipena ospatzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU))

Zarauzko banderaren 41. edizioaren bigarren jardunaldia jokatu dute Eusko Label Ligako traineruek igande eguerdi honetan. Traineru guztiek eman duten mailagatik izango da oroitua aurtengo bandera, izan ere, oso irekia izan da sari preziatua irabaztearen lehia.

Urdaibai izan da jardunaldiko galtzailea. Bezperan sekulako maila emanagatik, zortzi segundoko errenta behar zuen defendatu bandera irabazteko. Hori baino gehiago, nagusitasun itxura handia eman zuen, kasik gainerakoei banderagatik lehiatzeko itxaropenak itzaltzeraino.

Gaurko estropada, baina, guztiz ezberdina izan da atzokoarekin alderatuta. Hondarribia izan da gaur nagusi agertu dena, eta Orio ikaragarrizko estropada egin duena, jardunaldiko onena izateraino.

Bi borroka lehiatu behar izan ditu gaur Hondarribiak: bata Orioren aurkakoa txanda irabazteko eta bestea Urdaibairen aurka bandera nork eraman erabakitzeko. Bada lehena galdu badu ere bigarrenarekin ez du barkatu.

Oriok, bere aldetik, bigarren txandan arraun eginda –bezperako emaitza txarren erruz– irabazi du Zarauzko banderaren bigarren jardunaldia.

Hala ere, Urdaibai da Eusko Label Ligaren buruan jarraitzen duena, errenta onarekin gainera –166 puntu–. Bederatzi puntuko aldea ateratzen dio ‘Ama Guadalupekoari’ –157–, eta 16koa Zierbenari –150–. Atzekaldean, Tiran da 31 punturekin azken postuan.