NAIZ
ORDIZIA

Lekarozera joan da Ordiziako gazta lehiaketako sari nagusia

Lekarozko Kortaria gaztandegiak eskuratu du Ordiziako gazta txapelketaren 45. edizioko sari nagusia. Ondoren egin den enkantean San Sebastian Gastronomika elkarteak 8.750 euro ordaindu ditu gazta erdiagatik.

Kortaria gaztandegiko Julen Arburua saritutako gaztarekin, gurasoak alboan dituela. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Kortaria gaztandegiko Julen Arburua saritutako gaztarekin, gurasoak alboan dituela. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Nafarroara joan da aurten Ordiziako Idiazabal gazta lehiaketaren sari nagusia; Lekarozko Kortaria gaztandegiak irabazi du, ketutako gazta batekin.

Bigarren postua Joseba Intsausti ordiziarrak eskuratu du, eta hirugarren Unai Lekuona araiarra izan da.

54 gazta aurkeztu dira guztira aurten lehiaketara, iaz baino 9 gehiago, eta 27 mahaikideren artean hautatu dute irabazlea. Gazta guztien kalitatea nabarmendu dute. Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz, Helena Arzak, Pedro Subijana, Ander Gonzalez, Zigor Iturrieta, Aizpea Oihaneder eta Nicolas Ramirez sukaldariak izan dira epaimahaikide ezagunetako batzuk.

Enkantean, iaz baino 550 euro gehiago

Lehiaketaren ondoren egin den enkatean, San Sebastian Gastronomika elkarteak 8.750 euro ordaindu ditu garaile suertatu den gazta erdiagatik, iaz Carrefourrek ordaindu zuena baino 550 euro gehiago.

1980. urtean ospatu zuten Ordiziako gazta lehiaketan lehen enkantea; orduan Juan Mari Arzakek erosi zuen gazta erdia, garai hartako 12.000 pezetagatik. 2014n ordaindu zen garestien: 13.050 euro, Idiazabalgo Ampo kooperatibaren eskutik.

Euskal jaietako egun handia dute gaur Ordizian eta azoka berezia izan dute. Euria eginagatik, jendea erruz hurbildu da. Herriaren sorreraren 750. urteurrena ere ospatu dute gaur.