NAIZ
HONDARRIBIA

Plastiko beltz eta txistu artean desfilatu du Jaizkibelek, inoizko parte hartze handienarekin

Ohiko plastiko beltzez gain, txistuak izan dira protagonista Jaizkibel konpainiak Kale Nagusia zeharkatu duenean. Azken urteetan baino tentsio handiagoa bizi izan da Hondarribian, eta Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan bada ere iaz baino malguago jokatu dute alarde baztertzailearen jarraitzaileekin. Inoizko parte hartze handienarekin desfilatu du alarde parekideak.

Plastiko beltz eta txistu artean, inoizko parte hartze handienarekin desfilatu du Jaizkibelek. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Plastiko beltz eta txistu artean, inoizko parte hartze handienarekin desfilatu du Jaizkibelek. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

22 urte bete dira aurten Hondarribiko alardea parekidea izan dadin lehen urratsak egin zirenetik; gaur gaurkoz, baina, parekide izatetik urrun dago afera.

Jada usadio bilakatu denari jarraituz, ‘Betiko alardea’ zioten plastiko beltzek hartu dute Kale Nagusia. Modu horretan erakutsi ohi dute alarde baztertzailearen jarraitzaileek Jaizkibel konpainiarekiko aurkakotasuna. Aurten, baina, izan da nobedaderik: txilibituak atera dituzte txistu egiteko, eta izan da balkoietatik Jaizkibelen aurka kazuela hotsa atera duenik ere.

Hori guztia egoera baretze aldera asteon erakundeetatik egin diren adierazpenak adierazpen. Izan ere, Emakundek eta Arartekoak berdintasunaren aldeko mezuak hedatu dituzte azken egunotan, eta Gipuzkoako Aldundiak, zezenari adarretatik helduta, plastiko beltzik ez ateratzea eskatu du.

Saiakera guztiak, baina, alferrik suertatu dira, entzungor egin baitute alarde baztertzailearen jarraitzaileek. Ondorioz, istilu giroa izan da nagusi Jaizkibelek Kale Nagusia zeharkatu duen momentuan. Azken urteetako tentsio handiena bizi izan da Hondarribian, alarde parekidea ikustera gerturatu direnei zuzendutako irainak tarteko.

7.30ak aldera egin du Jaizkibelek Arma Plazatik Kale Nagusian beherako bidea, eta 8.15 aldera egin dute alderantzizko joana. NAIZek baieztatu ahal izan duenez, inoizko parte hartze handienarekin desfilatu du Jaizkibel konpainiak –600 lagun inguru–.

Parte hartze handiaz gain, izan du Jaizkibelek alderdi politiko eta mugimendu feministen babesik ere. Esaterako, alarde parekidea babestu dutenen artean izan dira Eider Mendoza eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko kideak, Maddalen Iriarte eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ordezkariak, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua, Garbiñe Biurrun epailea eta Izaskun Landaia Emakundeko zuzendaria, besteak beste.

Ertzaintzaren presentzia nabaria izan bada ere, aurreko urteetan baino malguagoak izan dira hauek alarde baztertzailearen jarraitzaileekin, izan ere, izan da plastiko beltzarekin goraino estali denik.

9.00etarako bai, ordurako erretiratu dituzte plastiko beltz guztiak, orduan desfilatu baitu alarde baztertzaileak. 5.000 lagun inguru bildu ditu honek, 20 konpainia ezberdinetan banatuta.

Antxeta irratiko kazetari batek salatu duenez, telefonoa kendu diote alarde baztertzailearen zaleek.

Arratsaldeko desfilean ere egoera antzekoa izan da eta tentsio uneak bizi izan dira Jaizkibelekoak Kale Nagusitik igaro direnean.