NAIZ
GASTEIZ

12 eta 22 euro artean balioko dute Euskal Selekzioa eta Venezuelaren arteko neurketa ikusteko sarrerek

Bihar jarriko dira salgai datorren urriaren 12an jokatu den Euskal Selekzioa eta Venezuelaren arteko neurketa ikusteko sarrerak. 12 euro balioko du merkeenak, 22 garestienak.

Mendizorrotzan, neurketa jokatuko den zelaian, egin dute aurkezpena. (Endika PORTILLO/FOKU)
Mendizorrotzan, neurketa jokatuko den zelaian, egin dute aurkezpena. (Endika PORTILLO/FOKU)

Urriaren 12an Euskal Selekzioa eta Venezuela aurrez-aurre jarriko dituen neurketaren aurkezpena egin dute astelehen honetan Mendizorrotzan, neurketa hartuko duen zelaian.

Bertan azaldu dute partida ikusteko sarrerek 12 eta 22 euro artean balioko dutela eta hauek bihartik aurrera egongo direla salgai.

Xehetasun gehiagoren berri ere eman dute halabaina prentsaren aurrean. Bertan izan dira, besteak beste, Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri selekzioko entrenatzaileak. Aurreratu dutenez, euren asmoa da Alaves, Athletic, Eibar, Reala eta Osasunako jokalariak izatea deialdian.

Ez da oraino ezagutzen Venezuelaren aurka jokatuko duen selekzioaren deialdia, oraindik Ligako beste hiru norgehiagoka falta dira eta jokatzeko. Hori hala, urriaren 6 edo 7an ezagutuko da 18 jokalarik osatuko duten zerrenda.

Neurketaren antolatzaileek nabarmendu dute lehenengo aldiz jokatuko duela Euskal Selekzioak FIFA-ren egutegiaren baitan. Zentzu horretan, azaldu du Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariak nazioarteko epaile batek egingo dituela epaile lanak neurketan.

Onartu du, era berean, iragan urtean San Mamesera 15.000 lagun baino ez gerturatzea «porrota» izan zela. Uste du ikusleak «zerbait gehiago» eskatzen duela eta hortik aurkari bezala Venezuela hautatzearen erabakia.