NAIZ
GASTEIZ

Haurreskolak doakoak izango dira 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat

Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua (0-2 urte) doakoa izango da urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean neurria. Gainera, seme-alaba bat baino gehiago matrikulatuta dutenek lehenengo matrikula bakarrik ordaindu beharko dute.

Hezkuntza publikoko eta Haurreskolak Partzuergoko langileen manifetazioa, doakotasuna aldarrikatzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Hezkuntza publikoko eta Haurreskolak Partzuergoko langileen manifetazioa, doakotasuna aldarrikatzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak eta Maite Larrañaga Haurreskolak Partzuergoko kudeatzaileak agerraldia egin dute, Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzak Gasteizen egin duen bileraren ondoren.

Bertan jakinarazi dute 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera Partzuergoak ematen duen zerbitzua doakoa izango dela urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. Matrikula doakoa izango da, halaber, aldi berean izena emanda dauden bigarren anai-arrebentzat eta ondorengoentzat.

Lakuak egungo matrikulazio datuak aintzat hartuta egin dituen kalkuluen arabera, 500 familia baino gehiago izango lirateke errenta-mailagatik ezarriko den doakotasunaren onuradun –egun zerbitzua erabiltzen duten familien %11 inguru–.

Bestalde, 77 familiak dituzte une honetan bi seme-alaba matrikulaturik gutxienez Partzuergoko haur eskoletan. Familia horiek kuota bakarra ordaindu beharko lukete, beraz (familia errenta 18.000 eurotik gorakoa den kasuetan).

Izen-ematea egiteko unean ordaindu behar izaten zen aurretiazko kuota ere kendu egin da eta dagoeneko familiek ez dituzte 91 euro horiek aurreratu beharko izena ematerakoan.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera neurri horien onuradun izango dira bai matrikulazio berriak, bai dagoeneko Haurreskolak Partzuergoaren baitako haur eskolen erabiltzaile direnak.