naiz
gasteiz

EAEko ekoizpen zientifikoak 6.000 argitalpeneko muga gainditu du

EAEko ikerketa arloko pertsonalaren lanak 6.000 argitalpen zientifiko baino gehiago eragin zituen 2017an, eta azken 6 urteotan bertako ekoizpen zientifikoak %50eko hazkundea izan du. 12.000 pertsona inguruk dihardute ikerketa eta garapen arloko jardueretan.

Zientzia Euskadin 2018 txostenaren emaitzak aurkeztu dituzte. (IREKIA)
Zientzia Euskadin 2018 txostenaren emaitzak aurkeztu dituzte. (IREKIA)

Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea eta Fernando Cossío Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2018 txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emaitza nagusiak bildu ditu.

Lehen aldiz, EAEk urteko 6.000 argitalpenen muga gainditu du, eta honek esan nahi du bertako ekoizpen zientifikoa %50 gehitu dela azken 6 urteotan. «Era berean, dexente areagotu da argitalpenen kalitatea», nabarmendu dute. «Ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da azken hamarkada honetan. Egun, lehen kuartileko aldizkariei dagokien ekoizpen zientifikoa %60 ingurukoa da».

Bestalde, AEB, Alemania, Erresuma Batua, frantziar Estatua eta Italiarekin lankidetzan aritzen direla azpimarratu dute, argitalpenen %51 nazioarteko lankidetzaz lantzeraino.

Era berean, EAE H2020 programa europarretik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez «aitzindaria» dela nabarmendu dute. «H2020 Esparru Programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza arloko jardueretarako», gaineratu dute

Sektorekako ekoizpenari dagokionez, hiru herrialdeetako zientzia ekoizpen osoaren %61 inguru unibertsitateei dagokie, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea eta zentro teknologikoak.

Arlo tematikoan, berriz medikuntza da argitalpenetan gehien jorratu ohi dena, 2017an 1.400 argitalpen baino gehiago izan zituelarik. Ondotik kokatuta daude, urruti samar, ingeniaritza, materialen zientzia, fisika eta astronomia, kimika eta biokimika, den-denak urteko 800 argitalpenetatik gora.