Amalur Artola
DONOSTIA

‘Bakarka’ ere ausartu da Ruper Ordorika

Azken urteetan abiatutako esperientziari segida emanez, bakarkako diskoa kaleratu du Ruper Ordorikak. Gitarra lagun duela, bere ibilbidean bidaide izan dituen hamabi kanturen moldaketak bildu ditu ‘Bakarka’ lanean.

Ruper Ordorika, gaur goizean Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ruper Ordorika, gaur goizean Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Orain bizpahiru urte bakarkako kontzertuak eskaintzen hasi zen Ruper Ordorika eta esperientziak eman dion mira berritik sortu du ‘Bakarka’, bere ahotsa eta gitarra soilik erabilita argitaratu duen disko berria. Bertan, bere ibilbidean mugarri izan diren hamabi kanturen moldaketak bildu ditu, besteren artean ‘Herdoilarena’, ‘Martin Larralde’, ‘Asmatzekorik ez’, ‘Fas fatum’ edota ‘Ene begiek’.

«Ez nuen sekula uste ausartuko nintzenik halako emanaldiak ematera», aitortu du abeslari oñatiarrak gaur goizean Donostiako Elkar dendan egin duen aurkezpenean, eta diskoa osatzera bi arrazoik gidatu dutela azaldu du: batetik, bakarkako kontzertuetako esperientzian ikasitakoak biltzeko nahiak eta, bestetik, ingurukoen bultzadak. «Jende askok eskatu dit grabazio bat egiteko bakarrik», baieztatu du.

Diskoa Azkarateko Mamia estudioetan eta Jonan Ordorika anaia gaztearen laguntzaz grabatu du, era anarkikoan. «Haseran pentsatu nuen estudio handi batean eta entzuleekin grabatzea, baina azkenean gaur bi abesti grabatu, bihar lau… abesti pila bat bildu nituen», kontatu du, eta grabaketa horietan biluzik sentitu dela ere nabarmendu du: «Ez nuen uste horren zaila zenik, ispilu baten aurrean jartzen baituzu zure burua». Zailena, baina, kantuen hautaketa izan dela baieztatu du. «Kantuok asko ibili dira han eta hemen, jotzearen poderioz forma, tonua, tempoa… aldatu egin dira eta zailena izan da hamabi bakarrik hautatzea». Aukeraketarako, batetik abestiek izan duten garapena hartu du kontuan, «iruditzen baitzait abesti batzuk beste norabait eraman ditudala», eta, bestetik, hirugarren pertsonen ikuspuntua hartu du kontuan, «niretzat zaila baita gitarrarekin kantu bat jo eta zein mailatan dagoen asmatzea».

Moldaketak badira ere, jatorrizkoekiko fideltasuna gordetzen ahalegindu dela ere zehaztu du Ordorikak, «baina nire modura. Tempoak, tonua… aldatu dira, baina kantua gailentzen da». Adibide modura, zuzenekoetan entzuleek esandakoa aipatu du: «Jendeari batzuetan iruditzen zaio lehenengo aldiz entzuten nauela, ez baitu sekula nire gitarra entzun. Kantuek badute pisua, eta moldatzerakoan formak baino gehiago arduratu nau sakonera jotzeak».

Disko berria eskuartean, zuzenekoetan taldeko formatua eta bakarkakoa, biak uztartu nahiko lituzkeela ere aurreratu du. «Azaroan zehar emango ditut bakarka kontzertu batzuk, eta abenduan taldearekin Bilbon zuzeneko bat grabatzekotan gara. Taldearekin beste frekuentzia batean sartzen naiz, niretzat garrantzitsua da, eta bietan ari nahi nuke», esan du.