@aagirrezabal
iruñea

Elkartasunari eta punk-rockari ‘Non Zaude?’ galdetu dio Leihotikanek bere disko berrian

Sei urteren ostean, Leihotikanek disko berria plazaratu du. ‘Non Zaude?’ lanak 17 abesti biltzen ditu, bi zatitan banatuta. Migrazioa eta faxismoaren berpiztea, sexu estereotipoak, turismoa eta musika negozio gisa ezbaian jarri nahi izan dituzte. 25 urteko ibilbidearen ostean talde nafarraren DNA eta estilo bereizgarria entzungai dago dagoeneko.

Gorka Armendariz (ahotsa) eta Aitor Remonek (baxua) aurkeztu dute ‘Non Zaude?’, Leihotikanen diska berria. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Gorka Armendariz (ahotsa) eta Aitor Remonek (baxua) aurkeztu dute ‘Non Zaude?’, Leihotikanen diska berria. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Leihotikan talde iruindarrak haien disko berria aurkeztu du nafar hiriburuko Elkar dendan. 25 urteko ibilbidean egin duten zortzigarren lana da ‘Non Zaude?’. Gorka Armendariz (ahotsa) eta Aitor Remon (baxujolea) izan dira bertan. «Non dago migratzaileekin elkartasuna Europan? Non daude eskubide sozialak? Non dago punk-rockaren errebeldia?» galderak luzatu nahi dizkiote gizarteari ete haien gainean hausnartu dute ekoizpen prozesuan.

17 lan bildu dituzte diskoa osatzen duten bi zatitan. Lehen erdia, ‘Egoen lehian’, El Sotano estudioan ekoiztu zuten 2017ko udazkenean Iker Piedrafitarekin. «Epe luzean landutako kantak aurkituko ditugu hemen eta bigarrenean presio gehiagorekin egindakoak», azaldu du Armendarizek. Bigarren erdia K estudioetan grabatu dute irailean Alberto Porresekin. «Zati bakoitzak bere ibilbidea eta unibertsoa ditu. Gure soinu propioa dute lan guztiek, baina teknikari bakoitzak bere ukitua eman dio», gehitu du Remonek. Hala ere, Leihotikanen DNA antzeman daiteke lehen akordetik azkenekora.

Letretan, gaurkotasuna duten gaiak jorratu nahi izan dituzte eta modu pertsonalean «iradokitzaileak» direnak ere. Migrazioa eta faxismoaren berpiztea, sexu estereotipoak, turismoa eta musika negozio gisa ezbaian jarri nahi izan dituzte. «Gaur egun rocka hezituta dago. Ea gu ez garen horretan erori eta errebeldia hori mantentzerik dugun», adierazi du abeslariak.

«Gure ibilbidean ez gara estilo desberdinekin jokatzen aritu. Gure bilakaeran estilo propio bat jarraitu dugu eta 25 urte eta gero hori mantentzea ere erronka bat da», onartu du Armendarizek.

Remonek berak diseinatu du azala, non neska baten esku eta oinak ikusten diren. «Punk-rocka oso ongi irudikatzen duen argazkia da. Estetikoki punk itxura dauka, baina goxotasun hori daukana. Hori da Leihotikan».

Aurkezpena, abenduaren 8an Durangon

Diska egitearen prozesu honetan ez diote kontzertuak jotzeari utzi eta horrek ere lanari lana gehitu dio. Orain abesti berriak taularatzeko ordua da. Abenduaren 1ean Oreretan arituko dira eta hilaren 8an, berriz, Durangoko Ahotsenean zuzenean aurkeztuko dute ‘Non Zaude?’. «Orduan ikusiko dugu zuzenean nola funtzionatzen duten». Hortik aurrera, Atarrabiako Totemen eta Tolosako Bomberenean arituko dira 2019ko hasieran.