NAIZ

Xalbador Garmendia idazle, itzultzaile eta euskaltzaina hil da

Xalbador Garmendia euskara irakaslea, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea hil da, 86 urte zituela. Zaldibiarra sortzez, Anoetan bizi zen ‘Egin’ egunkariko euskara arduraduna izan zena eta han zendu da, bere etxean. Hileta etzi izango da Anoetako elizan, 19.00etan.

Xalbador Garmendia Kaiera ekimenean parte hartzen, ‘Egin’en instalazioen aurrean, Hernanin. (Jon URBE/FOKU)
Xalbador Garmendia Kaiera ekimenean parte hartzen, ‘Egin’en instalazioen aurrean, Hernanin. (Jon URBE/FOKU)

Xalbador Garmendia Zaldibian jaio zen eta lehenengo ikasketak Tolosako sakramentinoekin egin ostean, Erromako Unibertsitatera joan zen Teologia ikastera. Handik itzultzean Maulen bizi izan zen eta hainbat tokitan aritu zen lanean: ‘Zeruko Argia’ aldizkarian zuzentzaile izan zen, baita Eusko Kontseilu Gorenean ere. ‘Egin’ egunkarian ere itzultzaile eta euskara arduradun izan zen. Euskaltzain urgazle zen eta Arantzazuko 1968ko biltzarrean txosten bat aurkeztu zuen, euskara batuaren deklinabideari buruzkoa.

1960ko hamarkadan euskal antzerkia berritzearen alde egin zuen, besteak beste, Gabriel Arestirekin batera. ‘Historia triste bat’ (1964) antzezlana idatzi zuen, eta Ondarroako Lore Jokoetako Antzerki saileko lehenengo saria irabazi zuen lan harekin.

Hamarkada horretan bertan itzulpengintzari lotu zitzaion. Albert Camusen ‘Les Justes’ euskaratu zuen (1967), baita Pedroloren ‘Homes i no’ (1969) ere.

Handik urtebetera T. Zajarovaren ‘Lurraren kondaira’ (Herri Gogoa, 1970) itzuli zuen.  Saint Exupery-ren ‘Printze txikia’ (Plan, 1970) eta Gabriel García Márquezen ‘Crónica de una muerte anunciada’ (Sendoa, 1982) ere euskaratu zituen Garmendiak.

1990ean haur eta gazteentzako literaturaren ildotik, ‘Beltza! Beltza!’ lana kaleratu zuen (Erein).

1998an, jubilatzeko adina betea izan arren, ez zuen erretiroa hartzeko asmorik eta ‘Egin’en jarraitu zuen lanean, Baltasar Garzonek egunkaria itxi zuen egunera arte. Orduan, halabeharrez jubilatu zen. Xalbadorrek berak esaten zuen: «Garzonek jubilatu nahi».

Hileta, etzi Anoetan

Gaur eguerdian hil da Anoetan, bere etxean. Haren gorpua Tolosako Oria tanatorioan egongo da bihar arratsaldeko 16.00etatik aurrera. Hileta elizkizuna, berriz, etzi izango da, Anoetan, 19.00etan.