NAIZ
DONOSTIA

Joseba Alvarez eta kaleko saltzaile bat auzibidean jarri dituen salaketa kentzeko eskatu dute

Donostiako Udaltzaingoak «mehatxuak» eta «desordena publikoak» leporatzen dizkiete Saharaz hegoaldeko saltzaile ibiltari bati eta hari ematen ari zitzaizkion tratu txarraren aurrean kexa adierazi zuen Joseba Alvarezi. Astelehenean joan beharko dute auzitegira epaiketari begirako aurretiazko eginbideetan deklaratzera. 

Joseba Alvarez, jazotakoa komunikabideen aurrean salatzen. (Jon URBE/FOKU)
Joseba Alvarez, jazotakoa komunikabideen aurrean salatzen. (Jon URBE/FOKU)

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Bilgune Feministarekin batera eginiko agerraldi batean, Joseba Alvarezek salatu du Donostiako udaltzainak Saharaz hegoaldeko saltzaile bati ematen zitzaizkion tratua salatzeagatik saltzailea eta Alvarez bera auzibidean jarri dituztela. 

Azaldu dutenez, joan den ekainean jazo ziren gertakariak, Donostiako Parte Zaharrean kalez jantzitako bi udaltzain saltzaile ibiltari bat «bortxakeriaz» atxilotzen ari zirenean. Saltzailea jasotzen ari zen «tratu txarra» ikusirik kalean zegoen jendea inguruan pilatu zen eta Joseba Alvarezek berak udaltzainei esan zien «inor ezin zezaketela horrela tratatu». 

Ondoren inguratutako beste bi agenteetako bat, borra luzagarria eskutan, ingurukoei «bortizki» bultz egiten hasi zitzaien. 

‘Moussa’ izenez aurkeztu duten saltzailea atxilotuta eraman zutenean, udaltzain batek Alvarezi esan zion bien aurkako salaketa jarriko zuela. «Ez zidan NANik eskatu, ez ninduen identifikatu», azpimarratu du Alvarezek. 

Argi utzi nahi izan dute gertakari horietan ez zela Udaltzainen aurkako «inolako erasorik» izan, nahiz eta saltzaileari halakorik leporatzen dioten. 

Hori dela-eta, astelehean, hilak 19, Donostiako epaitegi batera joan beharko dute, «inoiz epaiketara iritisi behar ez zuen gertakari batengatik» aurretiazko eginbideen baitan deklaratzera. 

Horrez gain, salatu dute udaltzainen defentsa egiteko Udaleko zerbitzu juridikoak baliatu beharrean, «eraso sexista larriak» leporatzen dizkioten Miguel Alonso Belza abokatua aukeratu duela Udaltzaingoak.

Udaltzaingoari salaketa erretira dezala eta Udalari etorkinek tratu txarrak jaso ez ditzaten neurriak hartzeko eskatzeaz gain, abokatu hori aukeratu izana gogor salatu dute.

Epaiketa iristekotan, sumarioan udaltzainen benetako plaka zenbakiak jar ditzatela ere eskatu dute. bizi duten «indefentsioari» amaiera emateko.