NAIZ
BAIONA

‘Txaleko Horiak’ protesta mugimendua errepideetara irten da BAB inguruan

Estatu osoan bezalaxe, Ipar Euskal Herrian ere protesta eguna da gaur. ‘Txaleko Horiak’ mugimenduak errepideetako puntu estrategikoak blokeatzen saiatzen ari da, nagusiki BABko (Baiona-Angelu-Biarritz) errotonda nagusiak. Erregaiek gora egin dute eta soldatek ez. Kexu dira herritarrak.

Baionako Grand Basque erronda bloketatu dute ‘Txaleko Horiek’. (Bob EDME)
Baionako Grand Basque erronda bloketatu dute ‘Txaleko Horiek’. (Bob EDME)

400 bat ‘Txaleko Hori’ elkartu dira goizean goiz Biarritzen, Irati erakustazokaren aparkalekuan. Handik irten dira inguruko errotondetara. Traktoreak, autoak eta motoak atera dira. Bozina soinua eta kea nagusi izan dira une horretan. ‘Marraskiloaren estrategiarekin’ edo bidegurutzeak blokeatuz zirkulazioa oztopatu dute, Poliziaren begiradapean.

Erregaiek gora egin dute, bereziki gasolioak, eta horrek haserrea sortu du herritarren artean. ‘Txaleko Horiak’ mugimendua sare sozialetatik zabaldu da, eta gaurko protesta eguna, blokeo eguna, deitu dute Estatu osoan.

Hildako bat Frantzian

Protestak hildako bat ere utzi du, Frantziako hego-ekialdean. Auto batek ‘Txaleko Hori’ bat harrapatu du Pont-de-Beauvoisin-eko herrian. 50 urteko gizona zendu da. Alaba medikura zeraman emakume batek bidea trabatzen zuten manifestarien kontra egin du. Bidea blokeatuta ikusterakoan «panikoak» hartu omen dio. Ondoren, emakumea «shock» egoeran geratu da, eta Poliziak atxilotu du.