NAIZ
IRUÑEA

Bizi jokatuz eta ondo amaituz, irabazlea ere badela erakutsi du Ezkurdiak (17-22)

Abiadura, jokoa, lana eta emozioa. Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak jokatu duten Lau eta Erdiko finaleko osagai batzuk baino ez dira. Arbizuarra nagusitu da (17-22), pilota bizi astintzeaz gain neurketak amaitzen ere badakiela erakutsita.

Ezkurdia, garaipena ospatuz. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Ezkurdia, garaipena ospatuz. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Neurketari galdu gabe iritsi da Joseba Ezkurdia igande arratsalde honetan Jokin Altunaren aurka Navarra Arenan jokatu duen Lau eta Erdiko finalera. Amezketarrak, aldiz, lesio batetatik irten berritan ekin zion txapelketari, zalantzakor.

Bada zalantza guztiak uxatu dituzte bi pilotariek, denetarik izan duen neurketan: abiadura, jokoa, lana eta emozioa, besteak beste.

3-3koa izan da partidako lehendabiziko berdinketa. Ordura arte, tanto biziak izan dira nagusi, biek ala biek ondo jokatutakoak. Ezkurdia izan da hasieratik jokoari abiadura sartzearen arduraduna, eta defentsa lanetan aritu behar izan du nahi baino gehiagotan Altunak.

Amezketarra 4-3 aurreratu bada ere markagailuan, 4-9 alde egin du Ezkurdiak, partidako lehenengo diferentzia garrantzitsuak markatuz. Beste abiadura bat ikusten zitzaion arbizuarrari ordurako. Erasoko joko horretan, baina, huts asko pilatu ditu, baina egindakoak ere.

8-14 ere jarri da neurketa. Altuna ez zen gantxoarekin nahi beste asmatzen ari, baina defentsako lan on batek salbatu du. Hala, 15-14 aurretik jartzera iritsi da, tanto ikaragarri baten ostean. Dantzan ibili du amezketarra Ezkurdiak, baina azkenean honen aldera erori da tantoa.

Partidua eusten ari zen ordura arte Altuna, lan ona osatuz. Fisikoki ere ez du inolako gabeziarik erakutsi. Neurketaren pisua eta erritmoa, baina, Ezkurdia ari zen markatzen, eta hala egin du amaiera arte. 15-16 aurreratu da markagailuan arbizuarra, eta partida amaiera ongi landuz tantoak pilatzeari ekin dio 22ra iritsi arte.

Hormabikoa izan du gaur, besteak beste, erasoko arma nagusi Ezkurdiak; bost egin ditu modu horretan.