Oihana Llorente

Jai giroa eta emozioa Irunen, elkarlanak posible egin duen herri galdeketan

Irundarrek euren etorkizun politikoa erabakitzea eskura dute gaur eta jatorri eta adin ezberdinetako ehunka herritarrek ez dute aukera galdu nahi izan. Elkarlanak posible egin duen erabakitze eskubidearen aldeko festa honetan, emozioa eta giroa ez dira falta.

Adin eta jatorri anitzeko herritarrak ari dira bozka ematen (@hartuhitza)
Adin eta jatorri anitzeko herritarrak ari dira bozka ematen (@hartuhitza)

Ekitaldiz beteriko asteburu baten ostean, txalaparta eta adar doinuekin ireki dituzte hautestontziak Irunen, irundarrek euren etorkizun politikoa erabakitzea baimenduz. 300 boluntario baino gehiago dabil egun osoan zehar lanean, auzoz auzo, hiri osoan zehar barreiatuak dauden 16 hautestontzietan bozka ematea errazten.

«Nolako etorkizun politikoa nahi duzu zure herriarentzako» horixe erantzun beharreko galdera eta mahai gainean diren erantzunak hiru: Euskal estatu burujabe eta independentea; estatus politiko berri bat Estatu espainiarraren barruan edo gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa.

Hamasei urtetik gorako 51.618 irundarrek dute egun osoan zehar bozka emateko aukera eta eguerdiko 12.00tarako 2.265 lagun ziren hautestontzien aitzinetik pasatako herritarrak, hamasei urtetik gorako irundarren %4,24 alegia.

Emozioz beteriko eguna izaten ari da irundarrentzat. Goizeko 7.30erako boluntario guztiak bakoitzari zegokion txokoan zegoen, familia politiko ezberdinetako herritarrak bat eginda, dena atonduz, boto emaileak jasotzeko irrikaz.

Auzo guztietan galdeketa sumatzen baldin bada ere, Udaletxe aurreko San Juan enparantza da erabakitze eskubidearen aldeko aldarriaren erdigunea eta bihotza. Ostiraletik, bertan ezarritako karpa erraldoiak erabakitze eskubidearen aldeko jaialdia hartu du, kolore eta gustu guztietako ekitaldiak bilduz eta jan eta edana eskainiz. Karpa txiki geratu zen larunbat arratsaldean, kolore festa ikusgarriaren ostean umeak eta gurasoak dantzan jarri zituen ‘Goazen!’ telesaileko aktore baten emanaldiarekin.

Gaueko kontzertuen ostean, gaurko egitarauak ere erakarri du bat baino gehiago. ‘My Dance Estudio’ akademiak oholtza gainean jarri ditu hamarnaka ikasle, erabakitze eskubidearen aldeko jaialdiari musika eta erritmoa ipiniz. Joaldunek ere burrunba zabaldu dute hirian barna, herritarrak hautestontzietara gerturatu nahian.

Arratsaldean ere izango da giro San Juan enparantzaren inguruetan, bertan arituko baitira eta hamaika bertsolari, Burrunba elektrotxaranga, Kemen dantza taldea edota Txan magoa. 

Irunen bezala, Donostian, Zallan, Alonsotegin eta Balmasedan galdeketa berme guztiekin egiten dela ziurtatzeko Euskal Herrira etorritako zenbait begiralek gertutik jarraitu dute Irungo galdeketa. Tartean, Kataluniatik etorritako Elisenda Paluzie, ANCko presidentea; Marcel Mauri, Omnium Culturaleko presidenteordea edota Argentinatik etorritako Julieta Gaztañaga antropologo, ikerlari eta irakaslea.

Hartu Hitza elkarteko Xabier Martinezek NAIZi esan bezala, bozka eman dute irundarren artean bada aurpegi ezagunik. Hala nola, Ander Elosegi piraguista entzutetsua, Iñigo Vertiz arraunlaria edota Bidasoa eskubaloi taldeko lehendakari izandako Beñardo Garcia.

Apiriletik etxetik atera ezinda, familia osoaren laguntzaz eta gurpildun aulkian hautestontzira hurbildu denik ere izan da.

Iluntzeko 20.00tatik aurrera Maddalen Arzallusek gidatuko duen kontaketa festak emango dio amaiera erabakitze eskubidearen aldeko jaialdiari.