NAIZ
GASTEIZ

Kirol alorrean sexu-abusuei eta jazarpenari aurre egiteko arreta zerbitzua abian jarri dute

Lakuako Gobernuak eta Basque Team Fundazioak kirol alorrean ematen diren sexu-abusu eta jazarpenari aurre egiteko arreta zerbitzua abian jarri dute, mota horretako indarkeria saihesteko. «Zure taldekoak gara» leloa erabilita, biktimei, haien inguruneari eta federazio, klub eta elkarteei laguntza ematea du helburu.

Legarza, Zupiria eta Landaida, «Zure taldekoak gara» arreta zerbitzuaren aurkezpenean. (Endika PORTILLO/FOKU)
Legarza, Zupiria eta Landaida, «Zure taldekoak gara» arreta zerbitzuaren aurkezpenean. (Endika PORTILLO/FOKU)

«Zure taldekoak gara» arreta zerbitzua Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak jarri dute abian, EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. planak eskainitako testuinguruan oinarrituta eta Emakunderen laguntzarekin. Gaur goizean aurkeztu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin.

Arreta zerbitzu honek informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu telefonoz (ahotsa eta whatsapp) 688671000 zenbakian, deia beste edozein zenbakira aldatzeko aukerarekin, baita posta elektronikoz ere: zuretaldekoakgara@euskadi.eus. 

Gainera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren webgunean kokatutako landing page baten bitartez erabiltzaileek informazioa azkar jasotzeko aukera izango dute: www.euskadi.eus/zuretaldekoakgara

Beharrezkoa denean, aurrez aurreko aholkularitza eskainiko da egoeragatik komenigarria dela uste izanez gero, eta pertsonak edo erakundeak onartuz gero. 

Arreta zerbitzua gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko da 9.30etik 14.30era, astelehenetik ostiralera. Kirola egiten duten adin txikiko eta gazteei eta emakumeei zuzenduta dago, baita beste kirol estamentuetan lan egiten duten emakumeei, entrenatzaileei, epaileei, teknikariei eta beste profesional batzuei ere; erakundeetako, federazioetako, klubetako eta kirol elkarteetako teknikariei eta zuzendariei, ikastetxeei eta orokorrean gai honi buruz informazioa eta aholkularitza behar duten kirol alorreko profesionalei.