@belastegi
Donostia

Milakolore familia hazten doa, gizarteko familia ereduak zabaltzen diren heinean

Haurraren Nazioarteko Eguna den honetan lau liburu, disko bat eta karta joko bat aurkeztu dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Elkar argitaletxea, Miren Amuriza idazle eta bertsolaria, Txarkur Gorria kolektiboko kideak eta Julen Tokero diseinatzailearekin batera. Udaberrian familia handituko dela iragarri dute, beste lau libururekin.

Juan Carlos RUIZ / FOKU
Juan Carlos RUIZ / FOKU

Milakolore familia saileko produktu berriak aurkeztu dituzte gaur Donostian Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Ile urdindun sudurgorria izan da lehena hitza hartzen, zeinak aipatu duen txikitan familien karta jokoekin jolasten zela. Bere barruan dagoen Joxe Mari Agirretxek, 40 urte zituela, duela ia 15 urte, pentsatu zuen familia eredu berriak behar zirela eta horrela liburuak, puzzlea ta liburuak atera zituzten. Orduan sei familia eredu berri planteatu zituzten, baina orain berriro ikusi dute ereduak gehitzeko premia.

Pirritxek esan du euren familia ere aldatu dela, ama izan baita, eta Pupu eta Lore bikiak handitzen doaz Porrotx osaba eta Marimotots lagun dituztela. Honek argitu du familia pertsona talde bat dela, zeintzuk euren artean ahaidetasun bat duten, baina horiek askotarikoak izan daitezke gizartean edo koadrilan ikusi duten bezala, eta horiek islatu nahi izan dituzte liburuetan.

Marimototsek alboan zituen gainontzeko hizlariak aurkeztu ditu, goxotasunez. Miren Amuriza izan da liburuen testuak egin dituena. Azaldutakoaren arabera, guztien artean familia eredu berriak zehaztu zituzten eta berak sortu du ipuina. ‘Larunbata’-k familia ugaria du oinarri, Euskal Herria eta Senegal batzen ditu gainera; ‘Hodei’-en bi ama dituen haur bat agertzen da, eta bikoteak intseminatzeko erabakia nola hartu zuten; ‘Mattin eta Kattin’ sei urte dituztela amaren heriotzari aurre egin behar dioten bikiak dira, aitak alargun izaten ikasi behar duen bezala; eta ‘Kukuenea’ ipuinean bi familia elkartuko dira, aurreko bikoteengandik banandu ostean.

Lau familia hauek, udaberrian aterako dituzten beste lau liburu berrietako familiek eta pailazoen familiak osatzen dute karta jokoa. Bederatzi familiekin edo batzurekin bakarrik jokatu daiteke. Liburuetako zein kartetako pertsonaien diseinua Julen Tokerok egin du, zeinek 26 urtetan pailazoen irudia sortzen jardun duen. Berarentzat erronka izan da 40tik gora pertsonaia desberdin sortzea, baina aitortu du Amurizaren laguntzarekin erraza izan dela.

Era berean, ‘Musua’ disko-liburua atera dute, sortzaile desberdinek egindako letrekin osatua. Bertan parte hartzen dute Miren Amuriza berak, Joseba Sarrionandiak, Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok... bertan ageri diren ilustrazioak Txakur Gorria kolektiboko kideek egin dituzte, pailazoen irudi ikonikoak euren erara birmoldatuz.

Gainera, ‘Zebra kolorezalea’ kanta oinarrian izanik bideoklipa ere ilustratu dute. Marrazkilarientzat ere erronka bat izan da 26 urtetan mantendu den estetikari bira bat ematea, baina ilusio handiz hartu zuten enkargua, gazteak izanik, pailazoen jarraitzaileak izan direlako txikitan. Disko-liburuak poster bat dakarrera aurreratu dute.

Amaitzeko, Porrotxek argitu du ‘Zebra kolorezalea’ abestia Joseba Sarrionandiak egina dela eta koloretakoa izan nahi duen zebra baten ingurukoa dela. Hala, esan du euren ikuskizun berrian aurreratzen duten bezala, aurten Olentzero astoan beharrean zebra gainean banatuko dituela opariak, Euskal Herrian dagoen kulturaniztasunaren seinale.