NAIZ
GRANADA

2019an garatu beharreko lan-ildoak zehaztu dituzte EPPK eta Foro Sozial Iraunkorrak

Laugarren bilera egin dute EPPK eta Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariek, Alboloteko espetxean. Besteak beste, espetxe politika eta Gobernu espainiarraren baitan emandako aldaketak izan dituzte hizpide, eta 2019an garatu beharreko lan-ildoak zehaztu dituzte.

Agus Hernan, Alboloteko espetxe atarian. (@ForoSoziala)
Agus Hernan, Alboloteko espetxe atarian. (@ForoSoziala)

Alboloteko kartzelan (Granada) izan da larunbat goiz honetan Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren koordinatzailea. Bertan, Juan Antonio Olarra Guridi eta Ainhoa Mujikarekin EPPKren ordezkariekin bildu da, laugarrenez.

Foro Sozialak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, bilera hau bi aldeen artean «aurretik egindako lanaren emaitza da». Espetxe politika orokorraren inguruko azterketa partekatuan sakondu dute gaur, eta, oro har, euskal gatazkaren eta egindako minaz presoek egin beharreko aitortzaren inguruan ere hitz egin dute.

Ados agertu dira bi aldeak Estatu espainolean emandako gobernu aldaketak espetxe politika interpretatzeko era berriak ekarri dituela esatean. «Pedro Sanchezek egindako adierazpenek, baita zenbait ministro eta alderdikideenek ere, PPk mantendutako blokeoaren amaiera agerian jarri dute», nabarmendu du Foro Sozial Iraunkorrak.

Hala ere, uste du azken hilabeteetan izandako presoen hurbilen eta gradu eboluzioak «iragarritako espektatibetatik urrun» daudela. «Are gehiago, euskal jendartearen eskakizunetatik oso urrun daude». Horregatik, Foro Sozialak agerian utzi nahi izan du egoera honek zenbait sektoreengan «frustrazioa» eragin duela». Bereziki, presoen senideak pairatzen duten egoerak kezkatzen du Foro Soziala, «presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren zeharkako biktimak» direla uste baitu.

Gauzak horrela, EPPK-k bere prestutasuna berretsi du espetxe politikaren diseinuan eragile aktiboa izateko Foro Sozialaren arabera, «ekarpenak eginez eta konpromisoak hartuz». Zentzu horretan, uste du Foro Sozialak adosten ez den diseinu orok «porrot» egin dezakeela.

Hala, bi aldeek ulertzen dute «konponbiderako premiazko agendak» jasotzen duela egungo akordio politiko eta soziala. Hainbat lehentasun markatzen ditu honek: gaixotasun larriak dituzte presoak eta 70 urte baino gehiagokoak askatzea, gainerakoak euskal espetxeetara hurbiltzea, lehen gradutik bigarrenerako urratsak egitea, Estatu frantsesean betetako zigorren pilaketa eta espetxe-alorreko eskumenak transferitzea.

EPPK eta Foro Sozial Iraunkorrak garatzen ari diren elkarlana positiboki baloratu dute, eta aurrez aipatu lan esparrua 2019an zehar mantentzea adostu dute.