NAIZ
DURANGO

Boluntarioak lortzeko kanpaina hasi du Bizipoza Elkarteak

‘Keinu bakoitza, opari bikoitza’ lelopean, boluntarioak lortzeko kanpaina hasi du Bizipoza Elkarteak. Kanpainari hasiera emanez, 40 haurrek egindako marrazkiekin gabon-postal bereziak sortu zituzten atzo.

Bizipoza Elkarteko haurrak, kultur eta kirol eremuko aurpegi ezagunekin. (NAIZ.EUS)
Bizipoza Elkarteko haurrak, kultur eta kirol eremuko aurpegi ezagunekin. (NAIZ.EUS)

Izaera bereziko haur eta familiekin egiten du lan Bizipoza Elkarteak, helburu batekin: euskaraz eta sorkuntzatik, izaera bereziko haur eta familiekin elkartasuna bizipozez lantzea.

Lan hori egin ahal izateko, boluntario-sarea antolatzen dihardu elkarteak, «dela lan boluntarioa eginez dela ekarpen ekonomikoa eskainiz». «Erakunde, talde zein norbanakoek elkartasunaren eta gizartegintzaren aldeko Bizipoza Elkartearen sarean parte hartu dezaten nahi dugu», adierazi du elkarteak prentsa ohar batean.

Boluntario-sare hori handitzeko kanpaina da Durangoko Azokan hasi eta Gabonei begira abiatu dutena. Goiburu nagusi bat du kanpainaka: ‘Keinu bakoitza, opari bikoitza’.

Kanpainaren hasiera emanez, gabon-postal bereziak sortu dituzten atzo Durangoko Ibaizabal ikastolan egindako sormen-tailerrean; Bizipoza Elkartea osatzen duten elkarteetako 40 haurrek egindako marrazkiekin sortu dituzte paperezko gabon-postal horiek.

Aipatu sormen tailerrean haurrekin egindako irudigintza lan horretan oinarrituta, gabon-postalak egin zituzten ondoren; betiko postaz bidaltzeko paperezko 1.000 postal zein posta elektroniko bidez bidaltzeko postal digitalak.

«Gabon-postal hauen helburua da nork bere ingurukoei Gabon zoriontsuak opatzea eta Bizipoza Elkarteko boluntario-sarean parte hartzeko deia lau haizetara zabaltzea», azaldu dute. Hori hala, Azokan bertan Bizipoza Elkarteak duen standean boluntario izatera deituko dituzte euskal kulturazaleak. Era berean, nork bere ingurukoei gabon-postalak bidaltzera gonbidatuko dituzte.

Datozen asteei begira, interneteko kanpaina egingo dute, sare sozialetan mezua zabaltzeko eta posta arruntez zein elektronikoz euskal herritarrei Bizipoza Elkarteko boluntario izateko deia egiteko.