naiz
iruñea

Euskararen Legerarekin zer gertatzen ari den galdetu dio Kontseiluak nafar Parlamentuari

Nafarroako Euskararen Legearen 32. urteurrenaren testuinguruan agerraldia egin du Kontseiluak Iruñean. Ildo horretan egindako lanaren balantzea egin du eta legearen inguruan zer gertatzen ari den galdetu dio Parlamentuari. Kontseiluaren Nafarroako batzordeak lagunduta egin du agerraldia Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Kontseiluak agerraldia egin du gaur Iruñean. (Kontseilua)
Kontseiluak agerraldia egin du gaur Iruñean. (Kontseilua)

«Duela hiru urte Nafarroako Parlamentuan Kontseiluak eta berau osatzen duten bazkide andanak esan genuen ez genuela legearen hogeita hamargarren urteurrena ospatzerik nahi. Duela bi urte, Condestablearen jauregian luma bat eman genion eskura Parlamentuko presidente andreari lege berri bat idazteko konpromisoa har zezaten. Iaz, tamalez, ez genuen aukerarik izan legearen inguruan ezer esateko, euskaldunak diskriminatzen dituen zerrenda bakarraren afera pil-pilean zegoelako. Eta hori ere Europako Kontseiluko adituei zuzenean esan diegu: Politikariek hartzen dituzten erabakien ondorioz Nafarroan euskaldunak zigortzen direla. Eta, berriz ere, Euskararen Legearen urteurrenaren bueltan gaude», esan du Paul Bilbaok Nafarroako Euskararen Legearen 32. urteurrenaren testuinguruan Kontseiluak Iruñean egindako agerraldian.

Nafarroan 2015ean Gobernuan egon zen aldaketa ere izan du hizpide. «Aldaketarik egon al da?», galdetu du Kontseiluko eledunak. «Zer gertatzen ari da? Berriz ere bik baldintzatuko al dute guztia? Zein gehiengoren zain gaude? Parlamentuak agindutakoa bidaliko al zaio Parlamentuari eztabaidatzeko?», galdetu du.

Bilbaoren hitzetan, aurtengoa «urte proposaitiboa» izan da Kontseiluarentzat. «Nafarroako ipar-hego-eki eta mendebaldeko herritarrekin egon gara eta haien iritziak jaso ditugu. Euskaraz bizitzeko oztopoez gain, horri aurre egiteko bidea zehazten lagundu digute. Euskararen Lege Berri baten ardatz nagusiak non egon beharko liratekeen idatziz proposatu dugu. Are gehiago, Iruñerrian eta Lizarraldean ehunka herritarren bizipenak jarri ditugu Parlamentarien esku. Orain, beraz, galdera bat besterik ez zaigu geratzen: Ba al goaz aurrera?», adierazi du.

Era berean, hurrengo hilabeteetan herritarrei hurrengo legegintzaldiari begirako erronkak esatea zein izango diren azaltzea eskatu dio Parlamentuari. «Hori zor zaigula uste dugu. Finean, guk jarraituko dugu hizkuntza-eskubideen, justiziaren, kohesioaren eta berdintasunaren afera erdigunean jartzen, harik eta hizki larriz idatzitako aldaketa erdietsi arte. Horretan jardungo dugu hurrengo hilabeteotan», Bilbaoren hitzetan.