NAIZ
LESAKA

Fiskalak zortzi urteko zigorra eskatzen du hilaren 19an epaituko duten Ioseba Iturbiderentzat

Ioseba Iturbideri elkartasuna adierazteko agerraldi jendetsua egin dute Lesakan gaur eguerdian. Datorren asteazkenean epaituko dute Madrilen eta fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat, Mattin Sarasolari «torturapean ateratako deklarazioak» oinarri hartuta.

Agerraldi jendetsua egin dute Lesakan Ioseba Iturbideri babesa adierazteko.
Agerraldi jendetsua egin dute Lesakan Ioseba Iturbideri babesa adierazteko.

Ioseba Iturbide lesakarra datorren asteazkenean, hilaren 19an, epaituko dute Auzitegi Nazional espainolean. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen du, duela hamaika urteko gertaera batzuk leporatuta. 

Iturbideri elkartasuna adierazteko agerraldi jendetsua egin dute gaur Lesakan, ‘Hamar urte, ehunka kilometrora, bihotzetik gertu’ herri ekimenak deituta. Haren aurkako froga bakarrak Mattin Sarasolari «torturapean ateratako deklarazioak» direla nabarmendu dute, eta hori horrela izanik epaiketa egitea ez dela «onargarria» adierazi dute.

Agerraldian gogoratu dutenez, 2008ko urtarrilean Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu ondotik Mikel San Sebastian eta Iturbide bera atxilotzen saiatu zen Guardia Zibila, baina ez zituen etxean topatu. Hilabete beranduago atzeman zituzten Donibane Lohizunen, eta Iturbide preso egon zen 2010eko ekainera arte. 2012ko urriaren bukaeran berriro atxilotu zuen Polizia frantsesak eta bost urteko espetxe zigorra bete ondoren, aurtengo otsailean Espainiaratu egin zuten. Epaileak aske utzi zuen epaiketaren zain.

Orain, 2007an Castellon izan zen autokarabana baten leherketagatik epaituko dute, eta gertaera hura Sarasolak inkomunikatuta egon zen bitartean egindako adierazpenak dituela oinarri salatu dute.

Lesakako herritarrek oroitu dute Donostiako Auzitegiak lehendabizi –nahiz eta Auzitegi Goren espainiarrak gero bertan behera utzi– eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak aurten ebatzi dutela Sarasolak tratu txarrak jasan zituela, eta horrek, beren ustez, «Mattinen deklarazioen balioa erabat zalantzan jartzen du, torturapekoak direlako».

«Euskal Herrian bake eta normalizazio politikorako aro berri bat ireki da azken urteotan. ETA erakundeak pauso sendoak eman ditu norabide horretan; Estatu espainiarrak, ordea, iraganeko errepresioaren zurrunbiloan harrapatua segitzen du. Euskal gatazkari behin betiko irtenbidea emateko garaia da, kartzelak hustutzeko, presoak Euskal Herrira ekartzeko… Bide horretan Iosebaren kontrako epaiketa oztopo bat baino ez dela salatzen dugu», adierazi dute.