NAIZ
DONOSTIA

Pentsio publikoak bermatzea aldarrikatuko dute pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburuetan

«Pentsio duina» lortzeko borrokan, kalera irtengo dira gaur arratsaldean pentsiodunak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. 

Pentsiodunak, Bilbon egindako mobilizazio batean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Pentsiodunak, Bilbon egindako mobilizazio batean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatuko dira gaur arratsaldean pentsiodunak. Donostian 16.30ean jarri dute hitzordua, Alderdi Ederren; Iruñean eta Bilbon, 17.00etan, Gaztelu plazan eta Jesus Bihotzean; eta Gasteizen, berriz, 18.00etan Artiumen.

Gaur, hain juxtu, hamaika hilabete beteko dira erretiratuak lehen aldiz manifestatu zirenetik eta aste honetan Donostian eta Iruñean eginiko agerraldietan nabarmendu dutenez mobilizaziorik gabe ez da lortuko KPIaren araberako igoera txertatzea, ezta iraunkortasun faktorearen aplikazioa atzeratzea ere.

Pentsio plan pribatuen aldeko edozein defentsaren aurka daudela berretsi dute, honek bazterkeria handiagoa dakarrela uste baitute. Horregatik, pentsio publikoen defentsa sendoa egin dute pentsiodunek eta KPIaren balio handitzea automatikoki aplika dadila exijitu dute.

Pentsiodunen iritziz, «badago nahikoa diru pentsioak ordaintzeko». Hauentzat ez da arazo tekniko bat desberdintasunak areagotzen joatea, baizik eta borondate politiko kontua da. 

Bestalde, emakumeen eta gizonen pentsioen arteko arrakala berdintzean ere jarri dute arreta, «EAEn emakumeen pentsioak %41 apalagoak baitira», Donostiako agerraldian gogora ekarri zutenez.

«Erronka handi bat dugu gure aurrean, pentsio sistema publikoa bermatu eta hobetzea dago jokoan, ezinbesteko tresna baita gizarte kohesioa finkatzeko eta indartzeko».