NAIZ
BILBO

Erakundeen inplikaziorako deia egin du Busturialdeko Harrera Taldeak Gernikan

Errefuxiatuen aferan «daukaten erantzukizuna» beren gain hartzeko eta eskura dituzten baliabideak eskaintzeko eskatzeaz gain, «arrazismoa baztertu, kulturartekotasuna sustatu eta giza eskubideak errespetatzeko neurriak» hartzeko galdegin diete erakundeei Busturialdeko Harrera Taldeko kideek Gernika-Lumon egin duten agerraldian.

Gernikako Batzarretxearen atarian egin dute agerraldia. (Gorka RUBIO/FOKU)
Gernikako Batzarretxearen atarian egin dute agerraldia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gernika-Lumoko Batzarretxearen atarian egin du prentsaurrekoa Busturialdeko Harrera Taldeak, migratzaile eta errefuxiatuen egoera aztertzeko eta, era berean, 1937ko bonbardaketatik bizirik ateratakoei omenaldia egiteko. 

Gogoratu dute «gutxik uzten dituztela bere sorterria, familia eta lagunak atzean gogo onez» eta egun ere migratzaileak «miseriatik, pobreziatik eta gerratik ihesi» dabiltzala, «behin euskaldunok egin genuen bezala».

Nabarmendu dute Busturialdean elkarlanean errefuxiatu eta migratzaileei arreta emateko antolatu direla eta erakutsitako «elkartasuna eta konpromisoa» txalotu dute. Ildo horretan, erakundeei ere dei egin diete, daukaten erantzukizuna beren gain hartzeko eta eskura dituzten baliabideak eskaintzeko. «Arrazismoa baztertu, kulturartekotasuna sustatu eta giza eskubideak errespetatzeko neurriak hartzea ere ezinbestekoa da», gaineratu dute.

«Errefuxiatuek beren bizitzen gaineko autonomia osoa ahalik eta azkarren edukitzeko, instituzioetatik eskaintzen den harrera integrala izan behar dela» ere aipatu dute.

Hori dela-eta, eskualdeko udalerriei bide-orri bat helarazi diete «gaurtik aurrerako elkarlana josteko asmotan».

«Euskaldunok ondo dakigu zer den gure herria atzean uztea, ihes egitea eta beste herrialde batzuetan errefuxiatuta egotea. Orain beste batzuk ere badira egoera horretan aurkitzen direnak, beraz, gure historiari zintzo, kontzientziaz eta arduraz jokatzea dagokigu», nabarmendu dute.

Azkenik, «inor ez dela ilegala» aldarrikatu eta etorkinek bizi duten egoera salatzeko, hilaren 22an Gernika-Lumoko kaleetan egingo den kalejiran parte hartzeko deia egin dute.