NAIZ
MADRIL

Ioseba Iturbiderentzat zortzi urteko espetxe zigor eskaera berretsi du fiskalak

Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta eduki zuten bitartean egin zituen adierazpenak oinarri hartuta, Ioseba Iturbide lesakarra epaitu dute Auzitegi Nazionalean. Sarasolak epaimahaiaren aurrean berretsi du deklarazio haiek torturapean egin zituela eta faltsuak zirela.

Ioseba Iturbideri babesa adierazteko agerraldi jendetsua egin zuten larunbatean Lesakan.
Ioseba Iturbideri babesa adierazteko agerraldi jendetsua egin zuten larunbatean Lesakan.

Ioseba Iturbide lesakarra epaitu dute gaur Auzitegi Nazional espainolean, 2007an Castellon leherkariz beteta zegoen autokarabana baten leherketarekin zerikusia izatea leporatuta. Fiskalak dio ETAren komando batentzat zela autokarabana, Marina d’Or oporretako konplexuan atentatua egiteko. Horregatik, zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du Iturbiderentzat.

Lesakarraren aurkako akusazioaren oinarrian beste lesakar batek Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zen bitartean egin zituen adierazpenak daude, Mattin Sarasolarenak, hain zuzen ere.

Sarasolak gaur epaimahaiaren aurrean ukatu egin du orduan esandakoa egia zenik eta deklarazio faltsuak izan zirela nabarmendu du, Guardia Zibilaren torturapean egin zituelako. Tratu txar sikologiko nahiz fisikoak jasan zituela gogora ekarri du, ea bere familiarekin mehatxuak ere bai.

Iturbidek berak ere ukatu egin du autokarabana haren leherketan parte hartu zuenik.

Fiskalak, ordea, zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi dio, Sarasolaren deklarazioa «egiazkoa» izan zela eta «libre eta bere borondatez» egin zuela argudiatuta.

Sarasolari inkomunikazioan galdeketa egin zioten bi guardia zibilek ere deklaratu dute epaiketan, eta haiek ere «presiorik gabeko deklarazioa» izan zela defendatu dute.

Sarasola Igor Porturekin batera atxilotu zuten 2008ko urtarrilean eta Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta izan ziren bitartean tortura latzak pairatu zituztela salatu zuten. 2010eko abenduan Donostiako Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen torturagatik, baina urtebete beranduago Auzitegi Goren espainiarrak gero bertan behera utzi zuen epaia eta absolbitu egin zituen.

Berriki, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du Sarasolak eta Portuk tratu txarrak jasan zituztela eta Estatu espainola zigortu zuen.

Iturbideren defentsak epai hori ekarri du gogora Sarasolak guardia zibilaren aurrean eginiko adierazpenak auzitan jarri eta froga gisa ezin daitezkeela erabili defendatzeko, baina fiskalak balioa kendu nahi izan dio eta bere eskaerari eutsi dio.