NAIZ
GASTEIZ

Larriki gaixo dagoen Txus Martin presoaren egoera «inhumanoa» salatu du Sarek

Txus Martin basauritarrari kateterismo bat egin behar diotela-eta, gaixotasun larriak dituzten presoen egoeraz ohartarazi du Sarek eta bestelako espetxe politika bat eskatzeaz gain, urtarrilaren 12ko manifestazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du. 

Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal, Txagorritxuko ospitalaren atarian. (Endika PORTILLO/FOKU)
Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal, Txagorritxuko ospitalaren atarian. (Endika PORTILLO/FOKU)

Gasteizko Txagorritxuko ospitalaren atarian egindako adierazpenetan, Sare Herritarreko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiartzabalek azaldu dute Txus Martini, larriki gaixo dagoen 21 presoetako bati kateterismo bat egingo diotela. 

Adierazi dutenez, «eskizofrenia paranoidea eta antsietate desorden orokorra du, baina baita, gutxiegitasun aortikoa ere, eta azken hau da, gaur hona ekarri duena». Joan den azaroaren 12an «egoerak txarrera» egin zuela eta «balbulan igarritako arazo» baten ondorioz kateterismoa egin behar izan diotela gaineratu dute.

Martini eta haren sendiari babesa adierazi diete eta gogoratu dute 2002. urtetik dagoela espetxean. Daukan gaixotasun larri eta sendaezina dela-eta, eskatu zuen baldintzapeko askatasuna ukatu zioten. 

2011. urtetik Zaballako espetxean dago, egun bigarren graduan. 

Konfiantzazko psikologoarekin egoteko aukera ere ukatu diotela salatu dute. 

Egoera «inhumano» honen aurrean, halakoak «ahalbidetzen dituen espetxe politika» salatu du Sarek. «Gobernu berriak aldaketak iragarri arren, egun oraindik ere, mendekua oinarri duen espetxe politikak indarrean jarraitzen du eta berau aldatzea ezinbestekoa ez ezik, guztiz urgentziazkoa da, Txusekin batera beste 20 baitira larriki gaixo diren espetxeratutako presoak», gaitzetsi dute. 

Hori dela-eta, urtarrilaren 12an Bilbo zein Baionako kaleetan egotearen garrantzia azpimarratu dute, «sufrimendu gehiago sortzen jarrai ez dadin».