NAIZ
BARTZELONA

Barçaren aurka punturik lortu ezinik jarraitzen du Eibarrek (3-0)

Lehen mailan jokatzen duenetik ez du Eibarrek punturik lortu Barçaren aurka. Enegarrenez galdu du gaur Nou Campen (3-0), eta sei neurketa daramatza jarraian garaipena ezagutu gabe. [Neurketaren xehetasunak]

Messik egin du etxekoen bigarren gola. (Lluis GENE/AFP)
Messik egin du etxekoen bigarren gola. (Lluis GENE/AFP)

Ezin du Eibarrek Barçarekin. Lehen mailan denetik ez du puntu bakar bat ere erdietsi egun Valverdek zuzendutako taldearen aurka, eta gaur Nou Campen jazo dena orain artekoaren haritik joan da.

Ongi eutsi dio aurkariari Eibarrek lehenengo 15 minutuetan. Goian egin dute presioa Mendilibarrenek eta horrek zailtasunak eragin dizkio Barçari. Hauek, baina, ez dute behar asko gola egiteko eta sortu duten lehen gol aukeran aurreratu du bere taldea Luis Suarezek. 18. minutua zen.

Neurketa hasierako dinamika berreskuratu eta sendotu du joa Eibarrek. Horretan, izan du Sergi Enrichek banakoa egiteko aukerarik, baina 29. minutuan buruarekin egindako erremateak kanpora alde egin dio. Orellana izan da 37.ean zortea probatu duena, baina gora alde egin dio area kanpotik egin duen jaurtiketak.

Markagailuan atzetik, baina partidan sartuta iritsi da Eibar atsedenaldira. Bigarren zatian jazo dena baina beste kontu bat izan da.

52. minutuan etxekoen bigarrena egin du Messik eta sei minutu beranduago, 58.ean, behin betiko 3-0ekoa sartu du Luis Suarezek. Tartean, beste bat egiteko aukera ere izan du aurrelari uruguaitarrak.

Markagailuan 3-0ekoarekin neurketa amaitu da Nou Campen. Joa jaitsi du Barçak, garaipena poltsikoan zuela eta. Izan du Eibarrek partida amaiera arte golen bat edo egiteko aukerarik, baina kamuts aritu dira gaur armaginak, batez ere bigarren zatian.

Sei neurketa irabazi gabe eman ostean, 22 punturekin da Eibar, jaitsiera postuetatik soilik hiru puntutara.