naiz

Prekarietatearen eta esplotazioaren aurkako manifestazioa deitu du LABek Iruñean, urtarrilaren 26an

Urtarrilaren 26an, 17:00etan, «lan duina eta bizi duina» aldarrikatuko duen mobilizazioa deitu du LAB sindikatuak Iruñean. Egun horretan, hilabete beteko da Huertas de Peraltako langileek greba mugagabea abiatu zutenetik.

«Klase elkartasuna» aldarrikatuko du LABek Iruñean, urtarrilaren 26an. (@labsindikatua)
«Klase elkartasuna» aldarrikatuko du LABek Iruñean, urtarrilaren 26an. (@labsindikatua)

LAB sindikatuak manifestazioa deitu du urtarrilaren 26rako, Iruñean, «lan duina eta bizi duina» aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, Huerta de Peraltako langileek greba mugagabea hasi zutela hilabete betetzen denean, «prekarietatearen eta esplotazioaren aurka» aterako dira kalera.

Mobilizazioa  17:00etan, Gazteluko plazatik abiatulp da. «Huerta de Peraltako borrokak ohiko lan gatazka baten osagarriak ditu: greba mugagabean dira enpresak kaleratutako langileak berronarpenaren alde, hitzarmen sektoriala betetzea eta enpresa itun baterako negoziazioak irekitzea eskatzeko. Baina aparteko dimentsio sozial eta politikoa hartu du, aparteko ezaugarriak ere badituelako», adierazi du sindikatuak. Zentzu horretan, gogora ekarri dute «duela bi urte muturreko esplotazio egoeran zeuden langile migratzaile hauek LABekin antolatzea» erabaki zutela. «Antolatu dira, ahaldundu dira eta borrokara atera dira, modu solidario eta kolektiboan. Antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa ikustarazi da, eta sindikalismoak langileen errealitate zehatza eraldatzeko tresna gisa duen balioa».

Sindikatuaren iritziz, urteetan Nafarroako landa eremuan egondako «gatazkarik handiena» da eta agerian utzi du nafar jendarteak nahiz instituzioek duten erronka. «Nafarroako landa eremuan lan eskubideak aitortu eta zabaltzea». 

Protestarako antolatzeaz gain, LABen aburuz, «beharrezkoak dira neurri politikoak ere». «Lan erreformen derogazioa eta lan harremanetarako esparru propioa, Euskal Herria prekarietatea eta esplotaziorik gabeko herria izan dadin». Bide horretan urratsak emateko dei egin diete EAEko zein Nafarroako gobernuei.

«Urtarrilaren 26a klase elkartasuna aldarrikatzeko eguna izango da. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro, nor bere pankarta eta aldarrikapenarekin, guztion borrokak bat eginez, ongi etorria izanen da», azpimarratu dute.