naiz
Donostia

Donostiaren «hirigintza politika erasokorra» eztabaidan jartzeko Donostia Defendatuz sortu dute

«Donostiako udal Gobernuak daraman hirigintza politika erasokorra» salatuz, gipuzkoar hiriburuaren inguruan «kezka berdintsuak» partekatzen dituzten zenbait talde eta herri-mugimenduk Donostia Defendatuz kolektiboa sortu dute. Bide horretan, batzarrak, mahainguruak eta elkartasunezko ekintzak egingo dituzte.

Donostia Defendatuz kolektiboa sortu dute gipuzkoar hiribuaren hiri eredua eztabaidan jartzeko. (Zer metro)
Donostia Defendatuz kolektiboa sortu dute gipuzkoar hiribuaren hiri eredua eztabaidan jartzeko. (Zer metro)

Donostia Defendatuz izenarekin, gipuzkoar hiriburuaren inguruan «kezka berdintsuak» partekatzen dituzten zenbait talde eta herri-mugimenduk koordinadora bat aurkeztu dute. Dendartean, Ondare-SS, Satorralaia, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Belartza 2 Gelditu plataforma eta Haritzalde talde naturalista dia ekimenaren parte. «Udalaren kudeaketa txarraren kontra diharduten mugimendu guztiak biltzeko eta borroka lokal txikiei ahotsa emateko asmoz sortu da», azaldu dute.

Helburu garbi bat plazaratu dute. «Donostiako udal Gobernuak daraman hirigintza politika erasokorra da arazo amankomun hori, herritarren eta taldeen artean haserrea pizten duena». Donostian, hirigintzaren arloan, eztabaida desberdinak piztu direla ikusita sortu dute taldea. Horien artean aipatu dituzte «Metroaren pasantea, Donostiako periferian merkatalgune handi gehiago eraikitzeko egitasmoak, lurraren suntsiketa eta artifizializazioa, hiriko arboladien mozketa masiboa, Uliako mintegien auzo-parkea urbanizatzeko propiektua, ezaugarri eta balio berezia duten eraikinak etengabe babesik gabe utzi eta eraistea, edota hotel berriak mugagabe hedatzea, besteak beste».

«Horiek denak hirian bizi dugun arazo endemiko eta ez puntual baten islada eta ondorio dira: hots, interes ekonomiko handiei, promotoreei eta merkataritzako kate handiei sistematikoki mesede egiten dieten Donostiako Udaletxearen politiken ondorio dira», gehitu dute. Eta zuzenean seinalatu dute Eneko Goiaren Udala. «Hirigintza politika ekimen pribatuaren esku dagoela uste dugu, bizitzeko hiri baten ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari delarik, donostiarren interes orokorraren kaltetan».

Honela, jarduera urbanistiko eta erabaki politiko horiek «nabarmentzea eta salatzea» izango da beraz koordinadoraren asmoa, «eztabaida kalera zabal dadin». Bide horretan, batzarrak, mahainguruak eta elkartasunezko ekintzak egingo dituzte. Lehen ekimena, zehazki, urtarrilaren 28an izango da Koldo Mitxelenan, ‘Zer ari da gertatzen Donostian? Botereak eta hirigintza politikak, agerian’ mahainguruarekin.