naiz

Junes Casenave, Manex Pagola eta Xalbador Garmendia omendu ditu Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak aurreko urtean zendutako euskaltzainak omentzen ditu urtero, eta, ohiturari jarraituz, gaurko Ageriko bilkura baliatu du Junes Casenave, Manex Pagola eta Xalbador Garmendiari gorazarre egiteko.

Euskaltzaindiak Junes Casenave, Manex Pagola eta Xalbador Garmendiaren omenezko hilberri txostenak irakurri dira Gipuzkoako Foru Aldundian. Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak irakurri du Casenaveren hilberri txostena, Gexan Alfarok Manex Pagolarena eta Lourdes Otaegik Garmendiarena.

Aldi berean, Pantxoak girotu du ekitaldia, Manex Pagolaren hiru kantu ezagun abestuz: ‘Ez da berria’, ‘Neure kantua; Askatasuna’ eta Kanta aberria.

Junes Casenave abade zuberotarra, batez ere, pastoralak idazteagaitik nabarmendu zen, baina bestelako argitalpenak ere ondu zituen. 2000tik ohorezko euskaltzaina zen, eta 2018ko irailean hil zen. Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak gogoratu du haren izaera «gozoa eta alaia». «Ipuin kontalari bikaina ere bazen Junes, irakasle atipikoa, irekia, gai guztiei zabalik zegoena», gehitu du.

Manex Pagola kantagintzan nabarmendu zen, hasieran abesten, eta ondoren letragile moduan. Era berean, Ipar Euskal Herrian herrigintzako eta kulturgintzako alor ugaritan eragile sutsua izan zen. Ohorezko euskaltzain izendatu zuen Akademiak iaz, eta handik gutxira hil zen, 2018ko ekainean. Gexan Alfaro euskaltzain urgazleak aletu du Pagolaren profila: «Beti bide berrietatik abiatzeko prest zegoen, berritzailea izan zen; gogo eta bihotz handiko gizona».

Xalbador Garmendia zaldibiarra, aldiz, 1965etik zen euskaltzain urgazle, eta euskara batuaren sorreran parte hartu zuen. Itzulpengintzan ibilitakoa, euskara arduradun izan zen ‘Egin’ egunkarian eta Ikastolen Elkartean. Antzerkigintzan ere aritu zen, ‘Historia triste bat’ pieza gogoangarria idatzi zuela. Lourdes Otaegi euskaltzain urgazleak ondo ezagutu zuen zaldibiarra. Bere esanetan, «energia handiko gizona» izan zen Garmendia. «Orduko gure Google zen Xalbador, bizia, bizkorra eta jakintsua», azpimarratu du Otaegik.