Gotzon ARANBURU
GERNIKA

Gatiburen entsegua gitarratik metro batera

Euria gogor ari du Gernikan eta korrika batean sartu gara Iparragirre Rock Elkartearen lokaleko aterpera, Gatibu taldearen gitarrak, pedalerak, bateria… deskargatzen ari diren kamoiak uzten duen zirrikitutik. Haimar Arejitak egin du ongietorri beroa, eta materiale guztia deskargatu ondoren entsegu lokalera joango garela esan digu. Madrilen jo berriak dira Gatibukoak eta orain kamioia hustu behar denen artean; horretan ari dira Alex, Gaizka, Aitor eta Haimar bera. Mikel ez da oraindik azaldu, baina kideak Facebook bidez abisatu diote entsegua hastera doazela eta azaltzeko.

Iparragirre lokal dezentea da. Badu eszenarioa, taberna eta hainbat entsegu lokal, eraikinaren atzeko aldean. Pasillo batean barrena eraman gaitu Haimarrek, eta sorpresa: norbaitek uste bazuen Gatibuk lokal handi eta erosoa izango zuela entsegatzeko, oker dabil. Gela txiki bat da, baina garbia eta ondo ordenatua. Taldeko kideak, soinu tresnak, anplifikadoreak eta motxila pare bat sartuta, beteta dago gela. Gainera, beste talde batekin elkarbanatzen du txandaka, Blackbone taldearekin hain zuzen ere. Poster bakar bat horman, Jimi Hendrix handiarena.

Taldeko kide bakoitzak bere anplifikadorea erabiltzen du. Kariñoa diete eta konfidantza ematen die. Dagoeneko kolpe asko hartutako anpliak dira, baina gogorrak ere badira, eta ez diete hutsik egiten. Horietako bat VOX markakoa da: «Hau da guk maite dugun VOX, ez bestea!» dio farrez Haimarrek, pedalerak kaxatik ateratzen dituen bitartean. Tresna delikatuak dira pedalak eta oso ondo zaintzen dituzte. Izan ere, musika artea da, baina alderdi tekniko inportantea daukan artea; gauza asko manejatzen jakin behar da jendaurreko emanaldia hamarrekoa izan dadin. Gitarrak ere atera dituzte funda gogorretatik. Hauek ere erabilera arrastoak dauzkate, ertzetan batez ere. Asko igurtzi dituzten seinale, asko maite dena igurtzitzen den moduan.

Mikel Caballero azaldu bitartean, besteak entsegatzen hastea erabaki dute, beroketa moduan. Abesti pare bat jo eta lehenengo etena. Alex Sarduiri ere ondo etorri zaio eztarria prestatzeko. Hemen ez dago kafe makinarik, ez infusiorik, ez garagardorik eta ez zigarrorik. Txantxa gehienak Alexek egiten ditu; aholku teknikoak Haritzek ematen ditu. Gaizka Salazar bateria joleak botatzen du “bat, bi, bat, bi!” seinalea, eta Aitor Laka ixil antzean dago. Ez gazteena delako, baizik eta sukarrak jota dagoelako. «Lehengoan Madrilen egin genuen farra txiki batek ere ez dio asko lagundu…» aitortu du Haimarrek.

Loading player...

Hemen da Mikel. Bere baxuarekin «soinu masa» osoa lortzen du taldeak. Besteak ez dira jertsea kentzera ausartzen, baina Mikel berotuta etorri da nonbait bere eginkizunetatik eta mahuka motzetan ari da. “Salto” jo dute berriro. Ikusten da taldeari izugarri gustatzen zaiola. Alexek bere dantza berezi hori egiten du abestu ahala. Pribilegio bat da bost hauen aurrean egotea, metro batera, instrumentuak nola menderatzen dituzten ikustea, nola mintzarazten dieten. Mikelek eta Aitorrek, gainera, pedalak kontrolatu beharra daukate. Dena doa gozo gozo.

Entseguaren soinu bolumena ez da oso altua, ez du belarrietako minik ematen nahiz eta espazio hain txikia izan eta anplifikadoreak hain gertu eduki. Gatibukoek ez dute tapoirik jartzen entseguetan, baina bai zuzeneko emanaldietan. Neurrira egindako tapoi anatomikoak erakutsi dizkigu Haimarrek. Kontzertuetan musikoak ondo entzun nahi izaten du bere instrumentua ematen ari den soinua, baina era berean eszenarioan aditzen den soinu totala oso altua izaten da eta belarriak mintzera ere iristen da. “In ear” tapoi berezi hauek arazo hori konpontzen dute neurri handi batean.

Aurrera doa entsegua, abesti bat bestearen atzetik. Momentu batean, Alexek abesti bat errepikatzea eskatu du, letrarekin arazo bat izan duelako. Bigarrenean perfekto atera da.

Atsedenaldietan hurrengo boloetaz ari dira. Andaluziara joatekoak dira eta bidaia luzea egingo zaiela komentatzen dute, baina ohituta daude hauek furgonetara. ETBn ere berehala azaltzekoak dira, eta zer bi abesti joko dituzten erabaki dute di-da batean. ETBko barrunbeak ondoen Alexek ezagutzen ditu, baina bera ere ez dago seguru taldearen kamioia sartzeko tokirik badagoen Bilboko egoitzan. Entsegua bukatutakoan argituko dute hori.

Gatibun jotzeaz edo abesteaz gain, taldeko kideek bestelako lanak ere badauzkate. Gehienek musika klaseak ematen dituzte, bakoitzak bere instrumentuarenak. Ostalaritza negozioa daukanik ere bada, Mikelek hain zuzen ere, Bilbon. Basaurikoa da jaiotzez, baina aspaldidanik Gernikaratua da eta gero eta hobeto hitz egiten du euskaraz. Euskaldunen artean saihetsezinezkoa denez, eztabaida filologikoa ere izan da entseguan, “denbora” eta “eguraldia” hitzak direla eta… Azentua ere mintzagai da. Gaizka Donostian bateria klaseak ematen ari da eta azentu bizkaitarra galtzen ari oten den beldur dela dio, erdi serio erdi txantxetan.

Bi ordu eta gero, bukatu da gaurko entsegua, instrumentuak jasotzeko ordua da. Kanpoan ez du atertu. Kazetaria badoa Astrako parkinean utzi duen autorantz, baina Gatibukoentzat badago oraindik zereginik. Iparragirreko atarian gizonezko bat dute zain, Luis izenekoa, lagun baten alabak taldearen kamiseta nahi duela eta Bilbotik hori erostera etorrita. Sinadura eta guzti eramango du seguru asko, Gatibuko hauek horrelakoak dira eta.