naiz

Pello Bilbaok Murtziako itzuliko etapa eta lidertza bereganatu ditu

Pello Bilbao gernikarrak Murtziako itzuliko lehen etapa bereganatu du, azken kilometroetan erasoa jo eta metro gutxiko abantailarekin helmugaratu ostean. Lidertza ere berea da. Era berean, bere taldekide Gorka Izagirre Tour de la Provenceko lider berria da, bigarren etapan hirugarren sailkatu eta gero.

Pello Bilbaok bi besoak altxa ditu Murtziako lehen etapan. (@VueltaMurcia)
Pello Bilbaok bi besoak altxa ditu Murtziako lehen etapan. (@VueltaMurcia)

Astanako euskal txirrindulariak olatuaren gailurrean daude. Ion Izagirrek aurreko astean Valentziako itzulia irabazi ostean, Pello Bilbaok gaur urteko bigarren euskal garaipena poltsikroatu du. Gernikarra bakarrik helmugaratu da Murtziako itzuliko lehen etapan, metro gutxi batzuen abantailarekin  eta liderraren mailota ere berea da.

Ibilbideak ematen zuen azken aukeran, helmugatik 20 kilometro ingurura zazpi gizon aurreratu dira. Eta ez nolanahiko zazpi. Astanako Pello Bilbao, Omar Fraile, Luis Leon Sanchez eta Jakob Fulgsang, Movistarreko Ruben Fernandez eta Alejandro Valverde munduko txapelduna eta Borako Patrick Konrad. 

Azken kilometroetan errenta apur batekin sartu dira eta Sanchez izan da Astanaren gehiengoa baliatzen saiatu den lehena, baina erasoari erantzun ahal izan diote Movistarrekoek. Haren atzetik iritsi da ordea Bilbao eta lortutako metroak nahiko izan dira helmugara heltzeko. Astanaren erakustaldia borobiltzeko, Sanchezek bigarren egin du eta Fraile santurtziarrak hirugarren.

Izagirre, Tour de la Provencen lider

Ez dira baina, hor bukatu euskaldunen eta Astanaren gaurko lorpenak. Atzoko erlojupekoaren ostean, bigarren etapa izan da gaur Tour de la Provencen eta Movistarreko Edu Prades kataluniarrak altxa ditu bi besoak. Hirugarren izan da Gorka Izagirre, nahikoa lidertzan kokatzeko. Bi segundoko abantaila dauka Thibaut Pinotekiko.