NAIZ
DONOSTIA

«Hitza bete» eta zezenketen gaineko galdeketa egin dezala eskatu diote Eneko Goiari

Donostia Antitaurina Orainek eta Eguzkik deituta elkarretaratzea egin dute gaur goizean Donostiako udaletxe aurrean, Eneko Goia alkateari «bere hitza bete» eta zenzenketen inguruko galdeketa antola dezala eskatzeko.

Udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea.
Udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea.

Donostiako udaletxearen aurrean egin duten elkarretaratzean, Donostia Antitaurina Orain! plataformak eta Eguzkik gogora ekarri dute Eneko Goiak gidatutako Udal Gobernuak legealdia hastearekin batera berrezarri zirela zezenketak Donostian eta nabarmendu dute plataformak 10.000 sinadura aurkeztu zituela Udalari donostiarren artean zezenketen gaineko galdeketa egin zedila eskatzeko.

«Goiak galdeketa egingo zela agindu zuen, baita data ezarri ere: 2017ko otsailaren 19a, baina asteartean data hartatik bi urte beteko dira, legealdia bukatzear dugu eta ez dugu galdeketarik izan. Egia da PP-k estatu-makineria martxan jarri zuela galdeketa zapuzteko, baina hori bezain egia da Goiak ez duela emandako hitza betetzeko inolako borondaterik erakutsi», salatu dute.

Bien bitartean, Udalak berak diruz lagundutako inkesta batean donostiarren %70 zezenketen aurka azaldu zela ekarri dute  gogora, eta «helburua herritarron iritzia bildu eta errespetatzea baldin bada», Goiak zuzentzen duen Udal Gobernuak datu hori aintzat hartu eta «zezenketak diren ankerkeria eragotzi» behar lukeela iritzi dute.

Era berean, nabarmendu dute EAEko Auzitegi Nagusiak udal instalazioak Udalak kudeatzeko autonomia berretsi zuela iaz eta, beraz, Udalak baduela Illunben zezenketarik antola ez dadin erabakitzeko eskumena.

Elkarretaratzea Goiari zuzendutako eskaera batekin amaitu dute: «Alkate jauna, herritarron nahia ezagutzeko eta errespetatzeko bideak ezarriko zenituela agindu zenuen. Bete ezazu zure hitza!».