naiz

Markel Irizarrek agur esango dio txirrindularitza profesionalari Donostiako Klasikan

Tropel profesionalean 16 urte egin eta gero, 2019ko denboraldia izango du azkenekoa Markel Irizar oñatiarrak. Hala iragarri du Trek-Segafredo taldeko txirrindulariak. Eta ez du edonola utziko. Etxeko lasterketan, Donostiako Klasikan, esango dio agur ibilbide profesionalari.

Markel Irizarrek 2019koa du azken urtea txirrindularitza profesionalean.
Markel Irizarrek 2019koa du azken urtea txirrindularitza profesionalean.

Markel Irizarrek txirrindularitza profesionala utziko du aurten. Hasiberria den 2019ko denboraldi hau izango du azkena munduko onenen artean. Hala iragarri du bere taldeak sare sozialetan eskegitako bideo labur batean. «Ametsa da nire ibilbidea Donostian amaitzea. Oso berezia izanen da nire familia, lagun eta zaleen ondoan agur esatea», adierazi du txirrindulari oñatiarrak.

16. denboraldia du aurtengoa Irizarrek profesionaletan. 2004an eman zuen salto Euskaltel-Euskadirekin eta bertan sei urtez egon ostean, Lance Armstrongen RadioShack taldean hasi zen 2010ean. Biek gainditutako minbizia medio, erlazio estua izan du estatubatuarrarekin. Talde haren jarraipena izan den Luca Guercilenaren Trek etxean egin ditu gaur artekoak.

Bere palmaresean bi garaipen agertzen diren arren (2011ko Andaluziako itzulia eta Poitou Charenteseko etapa), besteentzako lanean aritu da gehienetan gipuzkoarra. Euskaltelen Iban Mayo, Haimar Zubeldia edo Samuel Sanchez, eta ondoren Lance Armstrong, Andy eta Frank Schleck, Fabian Cancellara edo Alberto Contador, besteak beste. Bide horretan, lau Giro, sei Tour eta 10 Vuelta egin ditu.