NAIZ
GASTEIZ

7.800 kontratutan lege iruzurra antzeman zuen iaz Lan Ikuskaritzak EAEn

Lan Ikuskaritzak 21.360tik gora ekintza egin zituen 2018an Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, hau da, aurreko urtean baino %26,6 gehiago, eta, iruzurraren kontrako ekintzetan, 17.991 kontratu berrikusi zituen eta haietako 7.860k legeari iruzur egin ziotela antzeman zuten.

Lan Ikuskaritzari buruzko txostenaren aurkezpena, Lakuan. (IREKIA)
Lan Ikuskaritzari buruzko txostenaren aurkezpena, Lakuan. (IREKIA)

Maria Jesus San Jose Lakuako Lan eta Justizia sailburuak 2018. urteari dagokion Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren urteko txostena eta ekitaldi honetarako aurreikusi dituzten kanpainen helburuak aurkeztu ditu Lakuan.

Halaber, joan den urtean, Lan Ikuskaritzak 832 arau hausteren gaineko zigorrak ezarri zituen, guztira 5,6 milioi eurokoak; horrela, %42ko hazkundea izan dute aurreko urtearen aldean.

San Josek nabarmendu du Lan Ikuskaritzak «eraginkortasun handia» izan duela, eta 2018an berrikusitako kontratuen %44 eraldatzea lortu duela. «8.000 kontratu inguru eraldatu ditugu, guztira ia 18.000 berrikusi ondoren. Alegia, berrikusitako kontratuen %44k legeari iruzur egiten zioten, eta orain finkoak edota lanaldi osokoak izatera pasa dira. Lau halako handitu dugu aurreko urteko emaitza. 2017an, 2.000 kontratu eraldatu ziren, eta orain, berriz, 8.000, lau halako gehiago», azaldu du.

Lan Ikuskaritza osatzen duten pertsonek egiten duten lana nabarmendu du: «Haien profesionaltasun eta dedikazioari esker, lan mundu bidezkoagoa eraikitzea lortzen ari gara, kohesionatuagoa, eta enpresetako edozein iruzur mota eragozten jarraituko dugu».

Lan Ikuskaritzaren urteko txostenaren aurkezpenean, sailburuak ondoan izan ditu Jon Azkue Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea eta Iciar Gonzalez Lan Ikuskaritzako zuzendariordea.

Gonzalezek azaldu duenez, «2018an, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak ekintzak aurrera eramateko, beharrezko izan ditu Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak planifikatutako kanpainak, sindikatu erakundeen eta langileen salaketetatik sortutako erregu ekintza, Gizarte Segurantzako jurisdikzio organoen edo erakunde kudeatzaileen eskaerak eta 2018-2020ko Lan Duinaren Aldeko Gida Planak aldi baterako kontratazioko eta lanaldi partzialeko kontratazioko iruzurraren kontra martxan jarritako bi talka plan».

2019ko helburuak

Lan eta Justizia sailburuak aurkeztutako ekintza planaren arabera, 2019an, Lan Ikuskaritzak lan munduan emakumeek pairatzen dituzten arazoei aurre egiten jarraituko du, soldata arrakala kendu eta gainerako lan baldintzak parekatzeko helburuarekin.

San Josek azaldu duenez, «Ordainsari Berdinerako Ikuskapen Plan berezi bat diseinatu dugu, Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Estrategia eta Ekintza Plan Eragilea garatzeko giltzarri izango dena. Ordainsari Berdintasunerako Planean sartzen dira iruzur ereduak aurreikusteko programen bidezko soldata auditoretzak eta enpresa hautaketa».