Korrikaren unitate didaktikoa online lantzeko aukera eskainiko dute AEK-k eta Ikastolen Elkarteak

AEK-k eta Ikastolen Elkarteak 21. Korrikaren unitate didaktikoa aurkeztu dute ostiral honetan, Bilboko Abusu ikastolan. Osorik online lantzeko aukera izango da lehen aldiz, baina paperean deskargatzeko moduan ere jarri dute Korrikaren webgunean.

NAIZ|BILBO|22/02/2019
Korrika-abusu
Korrikaren unitate didaktikoaren aurkezpena, Bilboko Abusu ikastolan. (KORRIKA)

Korrikaren edukiak lantzeko unitate didaktikoaren aurkezpenean izan dira Korrikako eta Ikastolen Elkarteko arduradunak, Abusu ikastolako ikasleekin batera. Unitatearen erakustaldi laburra ere egin dute ikastolako ikasleek.

Unitate didaktikoak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik sarean lantzeko, horretarako propio sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Unitate didaktikoa AEKren eta Ikastolen Elkartearen arteko «elkarlan naturalaren fruitua» dela adierazi du Asier Amondo Korrikako arduradunak, ia hogei urte baitira Korrikari buruzko lehen unitatea aurkeztu zutenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta balio handia eman dio euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari, «bakarka baino samurrago, eraginkorrago, egin dezakegulako gure egitekoa elkarrekin».

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak eman ditu unitateari buruzko azalpenak. Adibide gisa, jarduera baten berri eman du: QR kode bidez, Korrika amaieran irakurtzen den mezu sekretua osatu beharko dute ikasleek, aurreko mezuen lanketatik abiatuta. Abusu ikastolan bertan egindako esperimentua azaldu dute ikasleek beraiek.

Amondoren hitzetan, «oso garrantzitsua» da Korrika haur eta gazteen artean, eta haiek ere «klika egitea» espero dute, baina herritar oro gonbidatu du zeregin horretara: «Dagoeneko klika egin dugunon auzolana sustatzen ari gara baina, batez ere, klika egitera erakarri nahi ditugu herritar eta eragile berriak».

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Ostiral gauean En Tol Sarmiento Iekorako taldeak Bilboko Santana 27 aretoa hartu zuen, gazte ugari saltoka eta dantzan jarriz. Hona hemen Gaizka Peñafielek ateratako argazkien lagin bat.