@belastegi
Donostia

‘Sherezade eta tipularen azalak’, Donostia Antzerki Saria

2018an helduentzako Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onenaren saria irabazi du Vaiven Producciones taldearen obrak. Gala martxoaren 27an izango da, baina bigarren postuan gelditu den lana eskainiko dute bertan, ‘Zazpi senideko’.

Antzezlanaren une bat. (Vaiven Producciones)
Antzezlanaren une bat. (Vaiven Producciones)

Donostia Antzerki Sariaren gala martxoaren 27an Victoria Eugenia Antzokian izango da, 19.30ean, Aitziber Garmendia aktoreak gidatuta. Vaiven Producciones taldearen ‘Sherezade eta tipularen azalak’ lana izan da aurtengo txapelduna baina, lehen aldiz, irabazlea ez da izango gala ostean eskainiko duten obra. Izan ere, bira amaitutzat eman dute eta ez dute berreskuratuko. Hori dela eta, bigarren postuan gelditu den Axut taldearen ‘Zazpi senideko’ lana taularatuko dute.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarlanean euskarazko teatroa sustatzeko asmoz sortu zen sari honen XIX. edizioa da honakoa. 2018an helduei zuzendutako antzerki konpainia profesionalek euskaraz eskainitako lanak kontutan hartu eta horien artean onena hautatzen dute. Saria 12.000 euro eta Andres Nagelen artelana dira.

Geruzak

2018an 16 antzerki lan eskaini zituzten guztira Donostian, euskaraz eta helduei zuzendutakoak, eta 45 emanaldi egin zituzten. Denera 7.544 ikusle erakarri zituzten. 16 ekoizpen horietatik 12 izan dira saria irabazteko hautagai; kanpoan gelditu direnak baldintzak betetzen ez zituztenak izan dira (antzezlanaren estreinaldia Donostian izan behar du).

Guztiei gailendu zaie ‘Sherezade eta tipularen azalak’, jatorriz gazteleraz egindako lana baina Ainara Ortegak euskaratua. Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia den Jon Insaustik epaimahaiaren erabakia sustengatzen duten arrazoiak aipatu ditu: «testu poetiko oso ederrak ditu, gorputzarekin egindako lana izugarria da, elementu gutxi baina oso aberasgarriak ditu, eta gai sakonak modu arin eta errazean azaltzen ditu».

Vaiven Produccioneseko Ana Pimentak azpimarratu du antzezlana elkarlanaren emaitza dela «Ikuskizun bat ondo ateratzen denean jende asko horretan lanean aritu delako da», esan du. Bere hitzetan, Euskal Herritik bira egin duen eta jada ikusi ezingo dugun lan hau «kutxu surrealistak dituen ipuin tragikomiko bat da. Oso proposamen europarra».

Sherezade ‘Mila gau eta bat gehiago’ liburuko narratzailea da, bahitua izan ostean bere bizitza salbatzeko ipuinak kontatzera behartua sentitzen dena. Antzezlarean hiru pertsonai daude, eta hirurak dira Sherezade: hirurek kontatu behar dituzte ipuinak euren bizitza salbatzeko. Bahitzailea bizitza bera da, alegia, bizitzak dakartzan arazoak, tipula baten azala bezala, geruzaz geruza agertzen doazenak.

Euskara garaile

Ainara Ortegak egin du euskarara ekartzeko lana eta, beraz, sariaren meritu handia berea da. «Zure bertsioa egiten duzu baina denborak esaten du ea benetan dramaturgia egin duzun. Ez da antzezlan bat itzultzen dudan lehen aldia eta esango nuke nire estiloa topatzen ari naizela», aipatu du.

«Beldur handia ematen zidan. Surrealismoa, errealismo fantastiko magiko oso onirikoa du. Nik hau egin al dezaket? Bada demostratu dugu beste behin euskaraz nahi duen lekura iritsi daitekela, beraz, euskara bera izan da saritua», ondorioztatu du Ortegak.