Mikel Zubimendi

Venezuelan kolpea emateko despoten koalizioa

Nikaraguan 1980ko hamarkadan komertzio enbargoa eta gerrarekin zigortu zituzten nikaraguarrrak, sufrikarioaz eta kolapso ekonomikoaz nekaturik sandinistetatik «libratu» arte. Zigor kolektiboaren estrategia bera errepikatzen ari dira Venezuelan.

Finantzen enbargo paralizantea martxan da Venezuelan 2017. urteko abuztutik eta aurtengo urtarriletik komertzio enbargoa erabatekoa da. Gobernuak hiperinflazioa zuzentzeko neurriak hartzea ezinezkoa egitea du helburu lehenak; bigarrenak, botikak, janaria eta venezuelar askoren superbibentziarako beharrezkoa diren ondasunen horniketa etetea.

Ez dute ezer ezkutatzen gainera, harro dabiltza, harroputz, estatu kolperako asmoa lau haizetara zabalduz. Kolpe militarra izan, herri altxamendua edo gerra zibila, argi esan dute: zigor kolektiboak jarraituko du Maduroren gobernua kanporatu arte. «Maduro joan behar da!» txiokatzen dute egunero, behin eta berriro, izan Mike Pence AEBetako presidenteordeak edo Mike Pompeok, CIAko zuzendari ohi eta Estatu Departamenduaren egungo buruak.

Estrategia hori ilegala da AEBek sinatu dituzten nazioarteko tratatu askoren begietara. Berdin zaie, ordea. Su txikian egosten ari den basakeria hau zilegiztatzeko, Trumpen gobernuak «nazioarteko komunitatearen» akordio baten ondorio direla esan du, bere garaian George W. Bushek Irak inbaditu eta ehun milaka irakiar hiltzeko erabakia «48 estatuen koalizio baten» akordioa zela esan zuen bezala.

Narratiba horren arabera, kolpearen aldeko gobernuak «demokratikoak» dira eta kolpearen aurka azaldu direnak «autoritarioak». Ironikoa da zinez posizio hau. Begira ditzagun Venezuelako kolpearen aldeko operazio ilegal hau, Juan Guaido «presidente» onartu eta komertzio enbargoa bultzatu duten gobernuen zerrenda.

Despoten koalizio bat osatzen baitute. Bereziki Latinoamerikan. Operazio honetan Trumpen aliatu gorena Brasilgo Bolsonaro da. Emazte bati «bortxatzea ere merezi ez zuela» publikoki esan eta Brasilgo diktadurako junta militar faxista goratzen duen berbera. Nikolas Maduro presidente egin zuen hauteskundea «legez kontrakoa, zilegitasunik gabea» dela dio. Eta nola hautatu zuten bera? Bere aurkaria, orduko politikari popularrena, Lula da Silva presidente ohia, epaiketa fartsa batekin kartzeleratuz. Eta zeinek kartzeleratu zuen? Egun bere Justizia ministro den Sergio Moro epaile ohiak.

Segi ditzagun despoten koalizioa aztertzen. Honduraseko presidente Juan Orlando Hernandez adibide argi baino argiago da. Demokratikoki hautatu zuten Manuel Zelayaren presidentearen kontrako kolpe militar baten eskutik iritsi zen boterera, Washingtonek txalotu eta zilegiztatu zuena. 2017an Hernandezek boterea mantendu zuen lotsagabeki lapurtu zituen hauteskunde emaitza batzuekin, Trumpen aldeko despoten koalizioaren belatz nabarmena den Luis Almagro OASeko (Amerikar Estatoen Erakundeko) idazkari nagusiak berak publikoki aitortu zuen bezala. Jakina, Trumpek tranpa onartu eta ez zen deus gertatu.

Kolonbia da seguru aski Maduroren kontrako despoten koalizioan gerrazale amorratuena, Alvaro Uriberen begikoa den Ivan Duque presidentea buru duela. Heriotza eskuadroiekin eta droga kartelekin eskuz-esku lan egin eta Venezuelaren kontrako aspaldiko eta oraingo kolpe saiakeren bultzatzailea den Uriberen mandatuetara dagoen Duque, txontxongiloaren hariak mugitzen dituen Uriberen politika jarraitzen ari da.

Eta Paraguayko presidentea? Alfredo Stroessner 60 urteko diktaduran zuzendu zuen Partido Coloradoko kidea 2012. urtean Fernando Lugo ezkerreko apaizaren aurkako kolpe parlamentarioaren ondoren boterera iritsi zen. Hego Ameriketako estatu guztiek arbuiatu zuten kolpea, baina AEBen laguntza nahikoa izan zuen eusteko eta, orain, bere nagusiaren esanetara lerrotu da, Venezuelaren aurkako kolpearen lehen lerroan. Argentinako Macri edo Ekuadorreko Lenin Moreno, biak Nazioarteko Diru Funtsaren kredituen hartzaile gorenak, koalizioaren parte dira ere.

Hala ere, Trumpen gizonek (John Bolton, Elliott Abrams eta enparauek) zuzenduriko koalizio honek ez du munduaren gehiengoa bereganatu. Nazio Batuen Erakundeko 195 herrialdeetatik soilik 50ek egin dute bat zigor ekonomiko hilgarri, Venezuelako ondasunen lapurreta eta mehatxu militarrekin. Eta gehiengo lortuko balute ere, Venezuelako gobernua boteretik kendu eta venezuelar herria belaunikatzeko ekintza guzti horiek ez lukete Iraken inbasioak izan zuena baino zilegitasun edo legalitate handiagorik izango.

Azken buruan, kolpearen aldeko pertsonaia eta despoten koalizio honek begi bistakoa dena baino ez du erakusten: Maduro kanporatzeko Trumpen ahaleginak ez duela inondik inora ere demokrazia edo giza eskudideekin inolako zerikusirik.