naiz

ESK, ELA eta LABek Lehen Arretako langileek deitutako greba babestu dute

Hilabetean behin egingo dute greba Osakidetzako lehen arretako langileek. Lehen Arreta Arnasberritzen (LAA) plataformak deitu zuen grebara, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek deialdia babestu dute.

Osakidetzako Lehen Arretako langileak, Gasteizen egindako manifestazioan (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Osakidetzako Lehen Arretako langileak, Gasteizen egindako manifestazioan (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Apirilaren 12an egingo dute lehen lanuztea Osakidetzako lehen arretako langileek eta, segidan, hilero greba egun bat egingo dutela iragarri dute. LAA plataformak egin zuen deialdia, artean Jon Darpon Osasun sailburua zela, eta ostegunean hiru zentralek jakinarazi zuten bat egingo zutela. Nekane Murga sailburuak, beraz, lan-gatazka honi aurre egin beharko dio kargua hartu berritan.

Alta, sindikatu guztiek ez dute mobilizazioekin bat egin. SME ez du bat egin, eta SATSE, CCOO eta UGT aldarrikapenekin ados agertu badira ere, ez dute lanuztera deitu.

Lakuaren datu ofizialen arabera, grebak 4.500 langilerengan izango luke eragina, LAAk dioenez, berriz, aldizkako langileak kontuan hartuta, 9.000 dira sektore honetako beharginak.

Otsailaren 20an, Euskadiko Lehen Arretarako Estrategia aurkeztu zuen Lakuako Osasun Sailak, baina langileak ez ziren ados agertu proposamenarekin. «Lehen Arreta dagokion tokian kokatuko duen estrategia baino, iruditzen zaigu soilik antolakuntzarako proposamena dela». Kritikatu dute, halaber, ez dituela ematen gastu sanitarioen eboluzioaren daturik, ez eta Lehen Arretarako aurrekontuen prebisiorik. «Badirudi inbertsioa handituko dela, baina ez da zehazten zenbat izango den», esan zuten.

Bestalde, LAA plataformak gaitzetsi zuen dokumentuan ez dela islatzen «zenbait zentroetan Lehen Arretan jasaten den gain-karga», eta «ez du hitz egiten» arlo administratiboa indartzeari buruz. Estrategia honek ez du «kontratazioetako prekarietatea» onartzen langileen esanetara, eta «ez du berarekin bukatzeko plan bat zehazten».